CAF-Elhuyar sarietan lanak aurkezteko epea zabalik dago
'Konta(kta)tu' goiburupean dator edizio berria. Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzeko eta bultzatzeko helburua du.
Abian da CAF-Elhuyar sariaren edizio berri bat, Konta(kta)tu goiburupean, zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortu eta bultzatuko dituena. Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera, eta NEIKERen babesarekin.
Bi dira helburu nagusiak: egileak (zientzia-zaleak, zientzialariak, eragileak) beren jakintza, ikerketa edo egitasmoen berri ematera bultzatzea, alegia, kontatzera gonbidatzea; eta, horrekin batera, jendearen kezkei, beharrei edo interesei erantzutea, hau da, gizartearekin konektatzea. CAF-Elhuyar sariketak oraingo honetan, beraz, kontatzera eta konektatzera animatzen ditu zientzialariak eta zientzia-zaleak.
Kategoria desberdinak
Lau kategoriatan aurkeztu daitezke lanak: Dibulgazio-artikulu orokorra eta doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak, 2.000 eurorekin sarituak; zientzia-kazetaritza kategoria, 2.000 euroko sariarekin; eta sorkuntza beka, zientziaren-teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartuko dituena eta 5.000 euroko saria jasoko duena.
Horrez gain, NEIKER saria emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da. Bateragarria da beste sariekin
Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eta Elhuyar aldizkarirako harpidetza ere jasoko dute sarituek.
2024 urteko uztailaren 1era arte bidali ahalko dira lanak, cafelhuyarsariak.elhuyar.eus epostara.