Haurren pantailen erabileraren inguruko bi hitzaldi egingo ditu Miren Ros hezitzaileak Ordizian
Apirilaren 22an izango da bata, apirilaren 29an bestea, biak 17:00etan. Izen-ematearen arabera, Barrenan edo Herri Antzokian egingo dira.
Haurrek pantailekin egiten duten erabileraren inguruko bi hitzaldi egingo ditu Miren Ros hezitzaileak Ordizian. Apirilaren 22an izango da bata, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 3. maila arteko haurren gurasoentzat. Bestea apirilaren 29an izango da, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik 6. mailara arteko haurren gurasoentzat. Bi solasaldiak 17:00etan izango dira, Herri Antzokian edo Barrenan, izen-ematearen arabera.
Apirilaren 18rako eman behar dute izena interesa dutenek, esteka honetan. Zaintza zerbitzua eskainiko dute, baina horretarako eskaerak apirilaren 15erako egin beharko dira.
Ainhoa Jimenez Ordiziako Udaleko berdintasun zinegotziak adierazi duenez, guraso eta ikastetxeen partetik gaiarekiko “interesa eta kezka” jaso dute. Kezka horietatik tiraka antolatu dituzte bi saioak. “Garrantzitsua iruditu zaigu komunitate osoari eragiten dion gaia izanik, udaletik ardura hartu eta modu bateratuan eta sareak eraikiz bi saio ireki hauek antolatzea”.