Apirilaren 7ko sutearen harira erakundeek informaziorik eman ez izana salatu du Aralar Bizirik-ek
Apirilaren 7ko arratsaldean izan zen sutea, Larraone eta Muitze artean, Enirio-Aralar Mankomunitatearen lur publikoetan eta Natur Parkearen barnean. Azalpenak eskatu dizkie elkarteak erakundeei.
Aralar Bizirik elkarteak salatu du apirilaren 7an Aralarren izandako sutearen harira erakundeek informaziorik eta azalpenik eman ez izana. Elkarteak hedabideetara helarazitako ohar batean adierazi duenez, hilaren 7ko arratsaldean izan zen sutea, Larraone eta Muitze artean, Enirio-Aralar Mankomunitatearen lur publikoetan eta Natur Parkearen barnean. Oteak erre ziren eta gauerako lortu zuten itzaltzea.
Azalpenak eskatu dizkie elkarteak erakundeei, herritarrei horren berri ez emateagatik: “Oraingoz, ez Foru Aldundiak, Natur Parkearen arduradunak, ez Mankomunitateak, lurren jabeak, hiru egun eta gero, ez dute publikoki informaziorik eman eta hori larria dela iruditzen zaigu”. Azken aldian Aralarren suteak “ohikoak bihurtzen ari” direla eta “ohikotzat hartu ezin direla” gehitu dute, eta neurriak exijitu dituzte: “Berriro ez gertatzeko neurriak hartu behar dituzte erakundeek”.
Erakundeek azken sutearen harira izandako jarreraren aurrean herritarren informazio publikorako eskubidea defendatu dute: “Jakin behar dugu, batetik, sutea, baimendu al zuten, eta bestetik, sutearen ezaugarriak eta ondorioak zeintzuk izan diren eta zein neurri hartuko dituzten baimenik gabe izan bada eta ingurunea berreskuratzeko”.