Bisitari ugari izan dira Igartubeitin eta Zumalakarregin Aste Santuko jai egunetan
Igartubeitiren kasuan %54 hazi da bisitarien kopurua 2023ko kopuruarekin alderatuta. Sagartxotx jarduera finkatzen ari da programazioaren barruan. Zumalakarregi museoak bisitari kopuruari eutsi dio.
Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak kudeatzen dituen Gipuzkoako foru museoek harrera ona izan dute Aste Santuan eta Pazko Astean. Erakusketen eta jardueren eskaintzak jende asko biltzea lortu du, eta jaiegun positiboak izan dira besteak beste, Igartubeiti baserri museoarentzat eta Zumalakarregi museoarentzat.
Prentsa ohar batean, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek ziurtatu duenez, Aste Santuak eta Pazko Asteak bisitariei gure kultura-ondarea ezagutzeko aukera eman die, baina gipuzkoarrentzat ere aukera ona izan da beren museoak berriz ezagutzeko. “Gure museoek turisten bisita asko jasotzen dituzte Aste Santuan eta Pazko Astean, baina aukera ezin hobea da, halaber, gipuzkoarrek museo horiek berriz ezagutzeko eta oporraldia dela-eta antolatzen dituzten jardueretan parte hartzeko”.
Goierrikoak osasun onean
Zehazki, Igartubeiti Baserri Museoko (Ezkio) bisitarien kopurua % 54 hazi da jaiegun hauetan, 2023ko bisitekin alderatuta, eta museoa bisitatu duten pertsona gehienek familian bisitatu dute, Gipuzkoatik etorrita. Joera hori mantendu egin da aurreko urteko Aste Santuko aldi berarekin alderatuta. Bisitarien % 15 Euskal Autonomia Erkidegotik kanpokoak izan dira eta Katalunia, Errioxa, Madril, Kantabria eta Aragoiko bisitariak nabarmentzen dira. Gainerakoak, % 6, atzerritarrak izan dira; zehazki, Argentina, Mexiko, Alemania, Italia eta Australiakoak.
Sagartxotx jarduera finkatzen ari da museoaren programazioaren barruan. Jarduera hau Igartubeitiko dolarearen sekretuak ezagutzean eta sagar-zukua modu tradizionalean egitean datza, gero gazta-pintxo batekin dastatzeko. Jarduera larunbatean eskaini zen eta baloratuenetako bat izan zen.
Bestalde, Zumalakarregi Museoak (Ormaiztegi) Aste Santuko bisitari kopuruari eutsi dio, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, eta hori “positibotzat” jo da, bisitari kopuruari eustea lortu delako, nahiz eta aldi baterako erakusketa berririk ez izan. Bisitarien jatorriari dagokionez, % 80 Euskadikoak ziren, eta gehienak Gipuzkoakoak, zehazki, % 67,5.