CAFeko Euskara batzordeak ohar bat kaleratu du 23. Korrikako gertaera dela eta
Aurtengo Korrikaren edizioan CAFeko Euskara eskolei "ikusgarritasuna" eman nahi izan diotela, eta "boikot ekintza" horren ondorioz haien lan guztia "ezerezean" gelditu dela nabarmendu du.
CAFeko Euskara Batzordeak ohar bat kaleratu du gaur 23. Korrikan gertatutakoaren inguruan duen ikuspegia plazaratzeko. CAFeko Euskara Batzordekoak lekukoa hartu eta berehala, Palestinarekiko Elkartasuna taldeko hainbat kide lekukoaren aurrean jarri ziren, eta tentsio uneak sortu ziren.
Honela dio, hitzez hitz CAFeko Euskara Batzordearen oharrak:
Joan den Korrikan gertatukoaren harira, CAFeko Euskara Batzordeak honakoa plazaratu nahi du:
- Korrikaren bidez euskara ikasten ari direnak eskertu, omendu eta nabarmendu nahi genituen, gutxi batzuen ezagutza ezak askorengan eragiten duelako. Euskara eskolek beti izan dute lekua Euskara Planetan, baina azken urte hauetan Euskara Batzordearen jardueraren muina izaten ari dira.
- Denbora asko baliatu, eta lan handia egin dugu Korrika antolatu eta bertan parte hartzeko jendeari deituz. Euskara eskolei ikusgarritasuna emateko baliatu nahi genuen gure korrikaldia. Boikot ekintzaren eraginez, gure lan guztia ezerezean geratu da. Alde horretatik min handia eragin digute.
- Lekukoa hartzear geundela, guregana etorri ziren Palestinarekin Elkartasuna ekimeneko kideak, esanez pankarta zabaltzeko asmoa zutela, baina une batean izango zela, eta ez zela Euskara Batzordearen kontrako ekintza, fokua CAFengan jarri nahi zutela. Lekukoa eraman genuen ibilbide guztia zapuztu ziguten, eta sare sozialetan esplizituki adierazi zuten: “CAFeko Euskara Batzordeak zeukan kilometroa boikoteatu dugu”. Gure korrikaldia zapuzteak eragindako minaz gain, seinalatze horrek samin handia eragin digu.
- Kilometroa Euskara Batzordeak erosi zuen, Euskara Batzordearen erabakiz, Euskara Batzordearen izenean, eta Euskara Batzordearen beharren araberako ikusgarritasuna eman nahi zitzaion. Parte hartu genuen lankideok euskararen inguruan bildu ginen.
- Euskara Batzordea lantegiko egitura barruan badago ere, langileok sortua eta langileok eusten dugun saila da. Alde horretatik, lan handia egin du bere sorreratik, gaur duen lekua izan dezan.
- Euskara Batzordea ez da zilegitasun eztabaidatan kateatuko. Euskara Batzordearen eta Palestinaren Elkartasuneko ekimenaren jarduerak eremu ezberdinetan ematen direlako. Ez dugu dikotomia faltsurik haizatuko. Hori horrela, protestaren mamiaz Euskara Batzordeak ez du ezer esateko, ez delako gure jarduneko eremua.
- Gure eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiegu Korrikari, eta bidea irekitzen saiatu ziren bolondresei. Protesta honen aurretik eta ondoren aritu ziren jendea bideratzen, pankarta aurrean sartzen zena sartzen zela ere. Ez da bidezkoa beraien kontra sare sozialetan irakurri duguna, eta elkartasuna eta esker ona adierazi nahi dizkiegu.
Beasainen, 2024ko apirilaren 11n