Euskal jatorriko gazte estatubatuarrei ateak ireki dizkiete erakundeek
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Goierri beheko udalen babesa jaso du egitasmoak. AEBetako 53 gaztek eman dute izena udan hiru asteko egonaldia Goierrin egiteko. Haiek hartzeko familia gehiago behar dituzte orain.
Goierriko familien ateak ezezik, Euskal Herriko erakundeen leihoak ere zabal-zabalik dituzte aurtengo udan Ateak Ireki programan etorriko diren euskal jatorriko gazte estatubatuarrek. Bailarako 18 udalek, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, eta Ipar Amerikako NABO euskal elkargoak sustengatu dute.
Erakundeen babes hori irudikatu dute, gaur eguerdian, Goiekin Ordiziako egoitzan. Erakundeen ordezkari gisa, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza eta Goiekiko lehendakari eta Ordiziako alkate Adur Ezenarro izan dira, Ateak Ireki programa bigarren urtez antolatu duen Batzen elkarteko Iñaki Goirizelaia anfitrioi dutela.
Ekimenari jarraipena ematea «plazer handia» dela esan du Mendozak. Oinarrian elkarlana duela, eta orain 50 urte Oñatin John Bieterren eskutik abian jarri zela gogoratu du. Herrigintzan ere «berrikuntza» aplikatzeko adibidetzat jarri du Ateak Ireki: «Ez da bakarrik kanpotik gazteak ekartzea; loturak sortu eta sendotzea da, etorkizunerako sarea jostea, gure herriaren enbaxadore izan baitaitezke», gehitu du ahaldun nagusiak.
Ezenarrok, bere aldetik, Goierri beheko 18 udalerrientzat «ohorea» dela azaldu du programaren plaza eskualdea izatea. «Asko dugu eskaintzeko: natura, industria, usadioak, folklorea, euskal kultura bizirik dagoen herriak… Ikasteko ere bai, globalizazio garaiotan, erroetara itzuli behar delako». «Zortzigarren euskal probintzia diaspora» dela ziurtatu du, lehenago itsasoa zela esan ondoren. «Harreman pertsonalek mugitzen dute mundua».
Ekitaldian izan dira, baita ere, Beasaingo alkate Leire Artola eta Gabiriako zinegotzi Joseba Iztueta –Goiekiren administrazio kontseiluko kideak–, Goikiren zuzendari Iker Galparsoro, Maizpide euskaltegiko Laida Begiristain eta Josune Arruabarrena, eta Batzen elkarteko Anjel Oiarbide eta Ander Elordui koordinatzailea.
53 gazte etortzeko prest
Ateak Ireki egonaldia ekainaren 22tik uztailaren 14ra egingo dute. AEBetako gazteentzat itxi berria da izen-emate epea –NABO elkarteak bideratu du han–, eta 53 lagunek eman dute izena, 16 eta 28 urte bitartekoak: 32 emakumezko, 20 gizonezko eta ez-bitar bat. Kalifornia (16), Idaho (13) eta Nevada (8) estatuetakoak dira ugarienak, eta Hawaiiko bi ere etorriko dira, estreinakoz.
Aurkezpen ekitaldian, NABOko lehendakari Jean Flesherren bideo bat ere jarri dute, euskara garbi eta zuzenean. AEBetako euskal gazteei Euskal Herriko ateak irekitzen dizkiela programak nabarmendu du: «Aukera handia da gure gazteentzat, euren gurasoen edo arbasoen jatorria, lurra, hizkuntza eta ohiturak ezagutzeko. Bi norabide ditu, ordea, zuek ere gure gazteak ezagutuko dituzuelako, AEBetako euskaldunak nor garen, nola bizi garen eta zer egiten dugun. Etorkizuneko harremana irabazten dugu denok».
Flesherrek kontatu du bere semea iaz Ateak Ireki programarekin etorri zela Euskal Herrira, eta ondoren Maizpide euskaltegian geratu dela ikasturte osoan, euskara ikasten. Iazko udako harrera familiarekin harremana mantentzen duela goraipatu du.
Harrera familien beharra
Programa zabala prestatu du Batzen elkarteak. EHUk Beasainen dantzari buruz emango duen Udako Ikastaro batekin hasiko dira, elkar ezagutzeko. «Haientzat euren euskal nortasunaren adierazpiderik inportanteena da dantza. Zubia sortzeko aukera paregabea izango da», esan du Iñaki Goirizelaiak.
Goierriko herrietan ekimenak, Maizpiden euskara klaseak, bisita instituzional bakan batzuk (iaz baino gutxiago, gehitxo zirela jabetuta), edota azken festa Ordizian izango dira.
Gazte euskaldun-estatubatuarrak hartzeko, familiak behar dituzte orain. Batzuk animatu dira, baina gehiagoren beharrean daude. Maiatzaren 5era arteko epea daukate izena emateko (ateakireki@ateakireki.eus edo ateakireki.eus webgunean.
«Familiak dira programa honen gakoa. Animatu nahi nituzke goierritarrak, esperientzia aberasgarria eta betirakoa delako», gehitu du Goirizelaiak.
Zenbait datu
Goirizelaiak, Batzen elkartearen izenean, Ateak Ireki programan parte hartuko duten gazte estatubatuarren soslaiaren datu batzuk aurkeztu ditu, izena ematerakoan betearazitako inkesta batekoak. Euskal jatorria daukaten bizilagunak mundu osoan 8-10 milioi inguru direla kalkulatzen da. “Gure aktibo bihurtzen badira, garrantzi handikoa izango da. Ateak Ireki pauso bat da bide horretan”.
- Izena emandakoak: 53 lagun.
- Generoa: emakumeak 32, gizonezkoak 20 eta ez-bitarra bat.
- Jatorria AEBetan: Kaliforniakoak 16, Idahokoak 13, Nevadakoak 8, Utah-koak 5, Washingtongoak 5, Hawaiikoak 2, Arizonakoa 1, Illinoisekoa 1, Argentinakoa 1 eta Italiakoa 1.
- Adina: 15-28 urte bitartekoak. Ugarienak 19, 20 eta 22 urtekoak dira (7na), 23ko 6; 17ko, 18ko eta 25eko 5na…
- Arbasoen jatorria: Bizkaiko jatorria dute %39,7k; Nafarroakoa %20,5ek; Gipuzkoakoa %16,4k; Nafarroa Beherekoa %10,9k; Lapurdikoa %5,4k; Arabakoa %5,4k; eta Zuberoakoa %1,3k. Zazpi euskal herrialdeetakoak datoz, beraz.
- Trukerako prest? Euskal herritar gazteak AEBetako familietan hartzeko prest agertu direnak %60 dira.
- Izena emandako gazte estatubatuarren %86 NABO elkargoko kide dira, baina horietatik %44k soilik parte hartu du haren Udaleku programan inoiz.