Genozidioaren konplizitateak "edonon" borrokatuko dituela berretsi du Palestinarekin Elkartasuna plataformak
23. Korrikan egin zuten ekintza dela-eta argitu dute "CAF enpresa seinalatzea" zela helburua, eta "ez langileen aurka egitea".
Palestinarekin Elkartasuna plataformak, CAF enpresako Euskara Batzordeko ordezkariek Korrikako lekukoa hartu zuten momentuan egin zuten boikotaren arrazoiak argitu nahi izan ditu, ekintza horrek sortu dituen erreakzioen aurrean. Palestinarekin Elkartasunak eusten du, “genozidioaren konplizitateak edonon borrokatuko” dituztela, Beasaingo CAF enpresa, palestinar herria sufritzen ari den testuinguruaren erantzule gisa seinalatuz. Hala, Korrikan egin zuten ekintzaren helburua zein izan zen adierazi dute, ekintza burutu zuten egunean bertan, martxoaren 23an, sare sozialen bidez egin zuten moduan: “CAF enpresak Israelekin dituen harremanak salatzea eta Jerusalemen eraikitzen ari den tren arinaren proiektua salatzea zen”.
Garbi utzi nahi izan dute ekimen horrekin “CAF enpresa seinalatzea zela helburua, eta ez langileen aurka egitea”. Euskara Batzordeko kideek lekukoa hartu zuten kilometroa hautatu zutela ekintza egiteko, “CAFeko Euskara Batzordea Giza Baliabideen parte den heinean, hau da, enpresaren organigramaren baitako talde bat denez, langileez gain, zuzendaritzako kideekin osatua” dagoelako, eta horrela, “CAFen konplizitatea seinalatzeko”. Plataformak nabarmendu duenez, “ezin dugu onartu sarraskiaren konplize diren enpresek euskararen aldeko ekimenak baliatzea zuzendaritzaren aurpegia garbitzeko, horretarako langileei protagonismoa emanda ere”.
Era berean, langileak animatu dituzte, “neba-arreba ditugun palestinarren ondoan egon, eta Israelen genozidioa salatzen eta mendebaldeko gobernuen, alderdi politikoen eta enpresen kolaborazioari aurre egiten”. Gainera, Palestinarekin Elkartasuna plataformatik norabide horretan lanean jarraituko dutela iragarri dute, eta dei egin dute CAF enpresak Israelekin duen konplizitatea salatzeko egingo dituzten ekimenei babesa ematera.