Goenaga eta Aiestaran goierritarrak ariko dira Eskolarteko finalean
Finala bihar jokatuko da, Itziarko Lastur auzoko tabernan, bertso-afari formatuan.
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean bi goierritar ariko dira: Sustrai Goenaga Intxausti lazkaotarra eta June Aiestaran Iparragirre beasaindarra. Nork bere kanporaketan sailkapena lortuta iritsi dira herrialdeko sei onenen saiora.
Finala bihar jokatuko da, Itziarko Lastur auzoko tabernan. Bertso-afari formatuan da; afaltzen 20:00etan hasiko dira, eta 22:00ak aldera da saioa. Bertsolariek asteburua Lasturren igaro ahalko dute, ondoren.
Aiestaranekin eta Goenagarekin batera –Goierriko Bertso Eskolan ari dira–, Kattalin Arabolaza eta Egiar Otegi (Xenpelar eskolakoak), Danel Etxeberria (Harituz) eta Joanes Azpillaga (Erniarraitz) ariko dira.
Egin beharreko lanak
Bost ariketa izango dituzte finalean, Aizpea Garmendia lazkaotarraren esanetara: lau oinak emanda bertsoa osatu, 8ko handian eta txikian ofiziotan; eta banakako atalean puntu bati erantzun, eta gaiari bertsoa bota.