Junior mailako txirrindulari proba izango da larunbatean Seguran
Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatu du lasterketa. Larunbatean izango da, 10:00etan hasita. Egutegiko errepideko lehendabiziko proba izango da.
Segurako Txirrindulari Elkarteak junior mailako txirrindulari proba antolatu du asteburu honetarako. 2024ko egutegiko errepideko lehendabiziko lasterketa izango da larunbat goizean. Ibilbide gorabeheratsua antolatu dute.
Ohi baino motzagoa izango den arren, —66 kilometro izango ditu orotara— lau mendate igaro beharko dituzte txirrindulariek. Lasterketa 10:00etan hasiko da herriko plazan. Zegamara joan etorria egingo dute lehenengo kilometroetan, ondoren, Mutiloara joan eta Zeraingo aldapa igota berriro Segurara itzuliko da pelotoia.
Atsedenik hartzeko tarterik gabe, 22. kilometroan Mutiloatik Liernira igoko dira ziklistak, segidan Atagoitira (32. kilometroan) eta gero Aztirira (38. kilometroa). Hiru mendate hauek igarota Seguratik Barbarira igo eta Seguran amaituko da lasterketa.
Deialdi gehiago apirilean
Elkarteak bidegurutzeak zaintzeko boluntarioen laguntza eskatu du. Horretarako 9:00etan herriko plazan elkartzeko deia luzatu diete interesatuei. Laguntzeko prest daudenei elkarteko kideekin harremanetan jartzeko eskatu diete.
Larunbateko lasterketaren ondoren, apirilaren 20an eskolartekoen txanda izango da Seguran eta apirilaren 28an, kadeteek Jabier Ormazabalen omenezko karrera jokatuko dute.