KGT Kolektiboak lehen egoitza zabalduko du Ordiziako Dorrea etxean
‘Irazigune’ egitasmoa jarriko dute abian. Material bibliografikoa erabiliz, "adin ezberdinetako pertsonentzako komunikatzeko, irakurtzeko eta ikasteko espazioa" sortzea dute helburu.
KGT Kolektiboak lehen lokala zabalduko du larunbatean, Ordiziako Santa Maria kaleko 4. zenbakian dagoen Dorrea eraikinean. Tren geltoki aldera doan aldapako plazan izango du sarbidea. Lutxi izena eman diote lehen lokal horri.
Kolektiboak hedabideetara helarazitako ohar baten bidez jakinarazi duenez, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan arratsaldez egongo da irekita, 17:00etatik 19:00etara, eta asteartetan, ostegunetan eta larunbatetan, berriz, goizetan, 11:00etatik 13:00etara. Hasieran ordutegi hori izango du, baina ordutegia zabaltzen joango da, zerbitzuaren arduradun izateko prest egi¡on daitezkeen pertsona gehiagok bat egiten badute.
Partekatzeko eta ikasteko espazioa
‘Irazigune’ egitasmoa jarriko du abian kolektiboak. Proiektuaren helburua “adin ezberdinetako pertsonentzako espazio fisiko bat gaitzea da, komunikatzeko, irakurtzeko eta ikasteko balio dezan”, kolektiboaren esanetan. Horretarako, hainbat formatutako material bibliografikoa erabiliko dute: azterlanak, analisiak, bildumak, Elhuyar, Hazi Hezi, Jakin… Hogeita hamar urte baino gehiagotan bildutako milaka ale izango dira irakurgai, gai ezberdinetakoak: ekologismoa, natura, artea, nekazaritza, feminismoa, iraunkortasuna…
Errealitate ezberdinetatik abiatuta, partekatzeko eta lankidetzan aritzeko lokala izango da, “irakurketaren bidez pertsona eta gizarte gisa hazteko”.