«Aldaketa garaia da»
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, Elkarrekin-Podemos Gipuzkoako zerrendan hirugarren postuan dago Ander Jimenez (Beasain, 1986). Ezkerreko indarren aldarria egin du.
Zer moduz doa kanpaina?
Ondo, lan askorekin. Komunikazio arloan ere banabil eta egun hauetan lan asko dut. Gure proiektua, gure mezua, hitz gutxitan herritarrei ondo helaraztea ez da erraza. Dena den, asmatu dugu kanpainaren ardatza den mezua zabaltzen, hau da, ziklo aldaketa garaia dela. EH Bildu eta PSE-EE ere bat datoz horretan. Uste dut posible izango dela 40 urte eta gero EAJ oposiziora bidaltzea. Dena den, PSE-EEk orain arteko bidean jarraitzen du, EAJri emango dio gobernua botere kuota mantentzeko, eta harrigarriagoa dena, EH Bilduk ere, EAJrekin gobernatu nahi duela esatea. Gobernu kolaboratzaile bat osatzeko prest legokeela adierazi dute Pello Otxandianok eta Oskar Matutek. Badirudi EH Bilduren plana dela gehiengoak sortu, non eskuin-ezkerra ardatza ez dagoen asimilatuta. Ez dugu ulertzen EH Bilduren noranzko aldaketa hau.
Unea iritsita, EH Bilduri emango zeniekete gobernua?
Gure aukera da Miren Gorrotxategi izatea Lehendakaria, baina posible da EH Bildurekin edota PSE-EErekin batzea ere, edo zubi lana egitea. Hala ere, dena ikusteko dago. Argi duguna da, Pradales ez dela gure aukera izango. Kritikatzen ari gara EAJren kudeaketa, Osakidetza dela, etxebizitza dela, enpleguaren kalitatea dela, hezkuntza publikoaren abandonatzea… Ez da logikoa kritika horiek egin ondoren, EAJrekin gobernua osatu nahi izatea. Ezinezkoa da emaitza desberdin bat izatea pieza berdinekin.
Ezkerrak batzearen alde agertu zarete, baina Sumarrek bere aldetik egingo du bidea.
Miren Gorrotxategik esan zuen lehendakarigai izateari uko egingo ziola akordio bat lortzearren. Banaketa ekitatibo bat ere proposatu genuen, nahiz eta Sumarrek, Euskal Autonomia Erkidegoan ez duen ez militantziarik, ez presentziarik, ez ibilbide bat… Eta hala ere, ez dute nahi izan, Madrilen gertatutakoagatik konfiantza falta aitzakia hartuta, eta kontutan izan gabe, EAEn Elkarrekin Podemos beste gauza bat dela. Kontuak atera dituzte, nire ustez erratu egin dira, eta arazo bat da hori. Batera joan behar genuela oso argi genuen
«Dena ikusteko dago. Argi duguna da, Pradales ez dela gure aukera izango»
Azkeneko hauteskundeetan sei eserleku lortu zenituzten, baina momentu honetan inkestek ez dizuete oso emaitza onik ematen.
Podemos sortu berria zenean, jendearen aldaketarako nahia ordezkatzen genuen indarra bilakatu ginen, baina politika ziklo kontua da, eta behera egin dugu. Dena den, ezin dugu ahaztu Podemosek EAEn gainontzeko erkidegoetan baino askoz ere indartsuago jarraitzen duela. Uste dut, subjektu politiko propio bat sortzea lortu dugula, zeren ezker abertzalea dago, baina ezker konfederal bat ere bai, eta gu gara horren garantia, nahiz eta orain botoa banandu egin den.
Abstentzioa ere oso handia izan zen azkeneko bozetan.
%50ekoa izan zen, eta hori da astakeria bat. Uste dut gazteek ez dutela politikan sinisten, pentsatzen dutelako politikak ez diela haien arazoei irtenbide bat emango. Hain justu, horregatik da beharrezkoa aldaketa bat. Herritarrek ikusi behar dutena da beste politika batzuk egitea posible dela.
Elkarrekin-Podemosen lan ildoa nondik nora doaz?
Momentu honetan larriena Osakidetzaren egoera da. EAJk ere onartu du kudeaketa ez dela ona izan. Osakidetza zaindu, mantendu eta indartzea proposatzen dugu, pribatizatutako zerbitzuak berreskuratzea, anbulantziak, proba diagnostikoak, abortuen %95a klinika pribatuetara bideratzen ditu Osakidetzak, sukaldea, garbiketa… Eta, bestetik, gaur egun osasun zerbitzu publikoak bere gain hartzen ez dituen arloak ere bere gain hartzea: dentista, oftalmologia, podologia… Beharrezkoa da Osakidetza handitzea, ezin delako onartu egoera zaurgarriagoan dauden herritarrek zerbitzu pribatuetara jo behar izatea haiek ordaintzeko zailtasunak izanda.
«Politika ziklo kontua da, eta behera egin dugu. Baina EAEn indartsuagoak gara»
Zaintzari dagokionez, zer proposatzen duzue?
Pandemiak hutsuneak agerian utzi zituen eta badirudi ez dutela ezer ikasi. Hain zuzen ere, pribatizazio maila altuena duen gaietako bat da. Erresidentziak, etxez etxeko zerbitzua, feminizatutako lanpostuen prekarietatea… Duela hilabete gutxi, mundu osoan aitzindaria izan den zaintza greba feminista bat izan da, baina ez ikusiarena egiten dute batzuk. Guretzako gai estrategikoa da.
Estatus politikoari dagokionez, zein da Elkarrekin-Podemosen proposamena?
Autogobernu lantaldea osatzeko eskatu duen alderdi bakarra izan gara parlamentuan. EAJ, kanpainan gaudenean, konpetentziengatik kexu da beti, baina ondoren, eldarniozko proposamenak egiten ditu: nazio forala aldarrikatzen du, sistema judizial propioa… Ateraldiak, besterik ez. Gogoratu, Estatutua berritu ez duen gutxienetakoak garela; zergatik ez da egin gehiengo nazionalista izanda? Erabiltzen dute Ikurrina aitzakia bezala, etxebizitza merkatua ez esku-hartzeko, besteak beste.
Etxebizitza aipatu duzula…
EAJren aldetik borondate falta dago, nahiago dute espekulatzeko objektu izaten jarraitzea, herritarren eskubidea dela defendatzea baino. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzen zuen 2015eko etxebizitza legeak, EAJren babesik gabe onartu zena, beraz, urte hauetan ez dute ezer ere ez egin. Eta, bestetik, Espainiatik dator beste lege bat, Jaurlaritza abilitatzen duena, eta konpetentzietan eragiten ez duena. Beraz, ez dezatela aitzakiarik jarri. Zeren orain, EAEk du boterea eremu tentsionatu horiek deklaratzeko. Bidea oztopatu baino ez du egiten EAJk.
Ekonomia eta enplegua. Zer proposatzen duzue?
EAJren eredua da desindustrializatzearena eta ekonomiaren garapena turismoaren hazkundeari lotzearena. Guk uste dugu, kalitatezko enplegua sortzen dela industria bultzatzen, beti ere, trantsizio energetikoaren eskutik joanda. EAJk ezarri duen fiskalitateak kanpoko inbertsio funtsak baino ez ditu erakarri. Horrek suposatu du sektore estrategikoetan eta Euskaltel edo ITP Aero bezalako enpresak
EAEren esku ez egotea. Guk uste dugu hori ekidin behar dela, eta proposatzen dugu Eusko Jaurlaritzak funts publiko eta soberano bat sortzea eta industria estrategikoetan partizipazioak erostea.
Hezkuntzari dagokionez, zer?
Proposatzen duguna da Hezkuntza Legea indargabetzea eta beste bat sortzea, berria. Izan ere, lege horrek ez du kontutan hartu EAJ, EH Bildu, PSE-EEren eta Elkarrekin-Podemosen arteko ituna. Hezkuntza publikoa defendatzeko eta segregazio politika efektiboak egiteko sartu ginen itun horretan, nahiz eta ez zen paktu perfektua, hainbat neurri hartzeko konpromisoa zen. Hezkuntza publikoaren perimetroa zabaltzea da gure helburua, zeren orain erdi eta erdi da banaketa, eta krisi demografikoaren erruz gela asko itxiko dira. Eusko Jaurlaritzak jarraitzen badu pribatua finantzatzen, publikoa izango da itxi beharko dena.
Eta, euskara arloan, zer?
C1 mailara arte doan izatea nahi dugu, eta kontzilizazio politikak egitea Euskaltegiekin. Hezkuntza legearekin lotuta, euskara ardatz duen sistema bat behar dugu, eta ez PSE-EEk egin duena, eredu linguistiko desberdinekin jarraitzea. Horrek ekartzen duena da atzerritik etorritako ume asko ez direla euskalduntzen, beren etorkizunerako oztopo bat dena. Justizia soziala eskatzen dugu.