«Formazioak sentitzen duzun hori ondo adierazten irakasten du»
Margotzen hasi zenetik landutako teknika guztien lagin bat da ‘Sustraiak’ erakusketa. Idiazabalen egongo da ikusgai maiatzaren 10era arte. Jaioterrira itzultzeko aitzakia izan da erakusketarena.
Idiazabaldarra zara jaiotzez, baina 3 urterekin utzi zenuen jaioterria.
1954an jaio nintzen Idiazabalgo Zubimendi baserrian, ama bertakoa zen. Ondoren, 3 urterekin, Argentinara joan nintzen amarekin —aita bertan zegoen ordurako— eta ia 18 urte bete nituen arte egon ginen han. Argentina utzi eta Donostiara itzuli ginen. Gasteizen ere bizi izan naiz.
Gordetzen al duzu Idiazabalgo oroitzapenik?
Umetako oroitzapenik ez daukat. Amak kontatuta dakit oso haur lotsatia nintzela, eta beti ibiltzen nintzela eskuekin gauzak egiten. Argentinan egokitzea asko kostatu zitzaidan hasieran, euskaraz bakarrik hitz egiten nuelako, besteren artean. Hala ere, han bizitako urteen oso oroitzapen onak gordetzen ditut. Gerora itzuli izan naiz Argentinara, anaia bat han bizi da.
Zertan egin duzu lan?
Estetizista bezala lan egin nuen 2000. urtera arte. Urte hartan gauza asko aldatu ziren. Pintura betidanik gustuko izan dudanez, pintura klaseak hartzen hasi nintzen han eta hemen. Ordutik nabil lan honetan.
Formakuntza mugarri izan da orduan.
Formazioak sentitzen duzu hori ondo adierazten irakasten dizu. Donostian, Hondarribian, Gasteizen… ibili nintzen. Olioa, akuarela, grabatua… denetarik ikasi nuen.
Nola definituko zenuke zure lana?
Marrazkiak egiten eta olioan margotzen hasi nintzen. Ez naiz erakusketa asko egin zalea, egin izan ditut baina ez profesionalen mailan. Donostian Colchoneria eta Kai tabernetan hasi nintzen nire lanak erakusten. Lugaritz eta Loiolako kultur etxeetan ere egin nituen erakusketak. Ametsa izan da nire lanak Bulebarreko Kutxa Aretoan erakustea.
2008an ametsa errealitate bihurtu zen.
Urteetako lanaren ondotik erakusketa irekitzea lortu nuen, arrakasta izan zuen. Erakusketa honen ondotik, 2011n Itsasurdin margolana Kursaaleko Kubo aretoan erakusgai egon zen. Ilusio handia egin zidan.
Beste teknika batzuk ere landu izan dituzu.
Akuarela eta grabatua ere landu nituen gero. Grabatuarekin batera artista liburuak egiten hasi nintzen, punta lehorra, monotipoak, carborundum-a…
Hain zuzen, ‘Sustraiak’ gaur Idiazabalen irekiko duzun erakusketa guzti horren lagin bat da, ezta?
Oso eskertuta nago Idiazabalgo Udalari aukera hau emateagatik. Erakusketaren izenburuak Idiazabalgo nire sustraiei egiten die erreferentzia. Erakusketa Idiazabalera itzultzeko aitzakia izan da.
Olioak, akuarelak eta artista liburuak egongo dira ikusgai maiatzaren 10era arte. Egin dudan guztiaren lagin bat da. Errealitatea oinarri hartuta margotzen dut, ez dut asmatzen baina figuratiboa dut gustuko. Nire margotzeko modua oso lasaia da, pinturak erlaxatzeko balio izan dit beti. Nire lanek hori transmititzen dute, argi polit bat eta lasaitasuna.