Igarondo pilotalekuko taberna gaur arratsaldean irekiko dute berriz
Idiazabalgo Udalak 77.000 eurotik gorako inbertsioa egin du. Maria Isabel Gutierrez izango da maizter berria ondorengo bi urteetan. Sukalde zerbitzua eskainiko da gaurtik aurrera.
Hainbat aste iraun duten berrikuntza lanen ondotik, Igarondo pilotalekuko tabernak gaur arratsaldean irekiko ditu berriz ateak; 18:00etan izango da irekiera. Esleipen berria egin da, eta hemendik aurrera, maizter berriak izango dira tabernaren gidaritzan. Maria Isabel Gutierrezek hartuko du tabernaren ardura, datozen 2 urteetarako, beste 3 urtez luzatzeko aukerarekin.
Gaurtik aurrera sukalde zerbitzua ere eskainiko du Igarondoko tabernak. Hori izan da hain zuzen, esleipenerako baldintza nagusietako bat. Hori horrela, Idiazabalgo Udalak ahalegin berezia egin du eta sukaldea guztiz berritzeko lanak egin dira azken aste hauetan. Guztira 77.575 euroko inbertsioa egin da.