EH Bilduko hautagaiek hauteskunde kanpainako ekitaldia egin dute Areizaga-Kalebarrenen
EH Bilduk hauteskunde kanpainako ekitaldia egingo zuen atzo Areizaga-Kalebarren plazan. Arkaitz Rodriguezek eta Josu Aztiriak parte hartu zuten. Rodriguez bigarren postuan doa Gipuzkoako zerrendan eta Aztiria zumarragarra seigarren postuan. Aurkezpena Edurne Gonzalez Legazpiko zinegotziak egin zuen.
Horra hor EH Bilduk igorritako prentsa oharra (oharraren ondoren, atzoko ekitaldiko argazki gehiago):
“Urola Garaiko EH Bilduk hauteskunde erronkari gogotsu eta anbizioz heldu dio. Urola Garaitik gure alea jarriko dugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan horren beharrezkoa den aldaketa gauzatu dadin eta EH Bilduren komunitatea osatzen dugun guztiok buru-belarri ari gara lanean EH Bilduren gobernu programa, proposamen sorta, herritarrekin partekatzeko. Pasa den ostegunean izan genuen Urola eskualdeko ekitaldi nagusia, eta bertan Josu Aztiria gure kide eta hautagaiak eta Arkaitz Rodriguezek, Gipuzkoako zerrendan bigarrenak, gure proposamen eta proiektuak aletu zituzten. Ohar honen bidez ekitaldira gertaturatu ziren eta Areizaga-Kalebarren plaza bete zuten herritar guztiei esker ona adierazi nahi diegu. EH Bildutik argi dugu momentua iritsi dela aldaketa gauzatzeko, orain dela momentu hori, lidergo berri eta konpartituak behar direla parez pare ditugun erronkei XXI. mendeko erantzunak emateko, Europako eskualde aureratuenetan martxan diren politika publiko kontrastatuekin. Urola Garaian ondo baino hobeto ezagutu eta pairatu dugu Osakidetzak azken urte luzeotan bizi izan duen gainbehera. Herritarren kezka nagusi den honetan, gogoratu behar dugu dagoeneko lau urte igaro direla Zumarragako anbulatorioko PAC zerbitzua itxi zela; eta Zumarragako ospitalean, kardiologia edo urologia bezalako espezialitateak desagertzen ari direla eta Osasun mentaleko zentroan murrizketak egin dira. Hauteskunde-kanpainan iragartzen diren artifizioez harago, Osakidetza berriro ere zutik jarriko dugu, elkarlanean, herritarren beharrei erantzungo diena. Eta giltzarria da lehen arreta indartzea, plantila gutxienez %10a handituz eta erabaki ahalmena eta autonomia izatea euren jardunaldiak, agendak, aurrekontuak antolatzeko. Azkenean, herritarrei sarbidea errazteaz gain, pazientea eta osasun ekipoa elkar ezagutzea funtsezkoa delako ere pertsonen osasunean eta bizi itxaropenean.
Halaber, politika industrial proaktibo bat egotea ezinbestekoa dela irizten diogu. Euskal ekonomia desindustrializazio eta terziarizazio prozesu larri batean sartzeko arriskuan dago. Oso ongi ezagutzen dugu egoera hori geure eskualdean, azken hamarkadetan ekonomiaren eta herritarren ongizatearen giltzarri izan diren industriek itxi egin baitute. Lurzoru industrial zabalak ditugu gurean eta ezinbestekoa da industria aurreratu eta jasangarria eratzeko. Horren adibide dugu Arcelorreko eremua, non erraustegi bat ezartzeko planen aurrean, industria aurreratu baten alde aritu garen buru belarri. Izan ere, industria berria digitala eta deskarbonizatua izango da; edo ez da izango, eta hemen asko dugu jokoan Euskal Herrian eta geure eskualdean. Horrenbestez, aukera paregabea dugu aurrez aurre, baita Urola Garaiko herritarrok ere, datorren apirilaren 21ean ilusio eta proiektuz josi eta horren beharrezkoa dugun aldaketa gauzatzeko. Hurrengo Gasteizko legebiltzarrean gure eskualdeko ordezkari bakarra Josu Aztiria Urtaran izango da, eta denon babesari esker, Urola Garaian lehentasunezkoak diren gaiak agendaren lehen lerroan izango dira”.