Goierriko taberna bereziena
Goierriko taberna bereziena Zumarragako ospitalekoa da. Izan ere, osasun zentro batean dagoen bakarra da. Alberto Bilbao, Ana Gordo, Maribel Terron eta ‘Txus’ Lucenak bertan bizi izandakoak gogoratu dituzte.
Goierrin taberna asko daude. Batzuk oso bereziak dira, baina horietako bat bereziki berezia da. Gainontzeko guztien ezberdina. Bakarra. Zumarragako ospitalekoa, hain zuzen ere. Izan ere, osasun zentro batean dagoen bakarra da eta horrek bere egunerokoa asko baldintzatzen du: ez dute alkoholik zerbitzatzen, bezeroen artean une txarrak igarotzen ari den jende asko dago… Maribel Terron, Alberto Bilbao Biriki, Txus Lucena eta Ana Gordok inork baino hobeto ezagutzen dute bertako lana, urte luzeak eman baitzituzten bertan lanean.
Bilbao eta Gordo Zumarragakoak dira, Lucena Urretxukoa eta Terron Azkoitikoa. Guztiak oso gaztetan hasi ziren ostalaritzan. Bilbaok Zumarragako Casino elkartean eta Korta eta Txomin-Enea tabernetan eta Aguraineko Bodegon tabernan lan egin zuen ikasketak ordaintzeko. Delineatzaile mekaniko ikasketak egin zituen Tolosan, baina ostalaritzan lan egin zuen urte luzetan. Egun igeltseroa da. Ospitalean ezagutu zuen egun bere emaztea dena.
Lucena ostalari familiakoa da. “1980ko hamarkadan gurasoek Navarro taberna hartu zuten eta 12 urterekin beraiei laguntzen hasi nintzen. 14-15 urtetik aurrera tabernan lan egin nuen”.
Gordo, Batxilergoa bukatu ondoren, Saloura (Herrialde Katalanak) joan zen. “Hotel batean lan egin nuen, lau hilabete. Bertan gelditzeko asmoa nuen, baina aitak ez zuen ni joatea nahi eta ospitalean lana aurkitu zidan”. Lucenak eta Gordok ospitaleko tabernan ezagutu zuten elkar, ezkondu egin ziren eta egun Navarro tabernako nagusiak dira.
Terroni dagokionez, 15 urterekin haurrak zaintzen hasi zen eta handik urte batzuetara Zumarragako ospitalean. Garbitegian sei hilabete eman zituen eta ondorengo 35 urteak tabernan. “Ez nuen batere esperientziarik eta lanean hasi aurreko gauean ez nuen batere lorik egin, kafeak nola egin pentsatzen”.
Lehen urteak
Ospitaleko tabernako lehen nagusia Delfin Blanco izan zela gogoratzen dute. “Maribel, Charro, Angel Coloma eta ni hasi ginen Delfinekin”, dio Bilbaok. Lucena apur bat beranduago hasi zen ospitalean, 16 urterekin. Bilbao bere anaia Rafaren kuadrillakoa da eta beraiekin lan egitea eskaini zion. Gordo, berriz, 1997an hasi zen ospitaleko tabernan lanean.
1994an Bilbaok, Terronek, Lucenak, Koldo Leturiak eta Tere Andrek taberna hartu zuten. “Ospitaleko zuzendariak kafetegia itxi nahi zuen eta makinak jarri. Greba egin genuen”, gogoratu du Lucenak.
Bilbaok beraien lanpostuen eta kafetegiaren alde gogor borrokatu zirela gehitu du. “Udaletxe guztietara joan ginen, gertatzen ari zenaren berri ematera. Baita Gasteizera ere. Ospitaleko zuzendaria Azkoitikoa zen eta Azkoitiko orma guztiak papereztatu genituen. Sinadura bilketa ere egin genuen. Sinadura asko jaso genituen. Zuzendariak Mendaroko ospitalean ez zegoela kafetegirik esan zuen, baina azkenean taberna ez ixtea lortu genuen eta guk hartu genuen”.
Zorionez. Izan ere, ospitaletan tabernek ere funtzioa betetzen dute: lur jota dauden gaixoentzat eta beraien senitartekoentzat arnasgunea dira. “Ospitaletako tabernetan ez da mozkorrik egoten, ordutegi finkoa duzu… baina arazoak dituen jendea kontsolatu beharra duzu”, azaldu du Terronek. “Negarrez zegoen jendea ikusten zenuen, norbait hil zitzaiolako edo gaixo zegoelako. Hori dela eta, askok kafetegian genuen giro ona eta alaia eskertzen zuten”, gehitu du Lucenak.
Txantxazaleena Bilbao zen. “Asko Biriki tontoarena egiten ikusteko jaisten ziren kafetegira. Bezeroak pozten zekien. Gogor lan egiten genuen, baina ondo pasatzen genuen. Bezero askok eskerrak ematen zizkiguten, ospitalean igaro beharreko egunak arinagoak egin genizkielako. Biriki lanean ikustea sekulakoa zen”.
Pasadizoak
Terronek Bilbaok kopetan txanpon bat jartzen zuela eta lan egun osoa horrela ematen zuela gogoratu du. “Bezeroek zergatik egiten zuen galdetzen zioten eta buruko mina arintzen ziola erantzuten zien. Sinistu egiten zioten. Mantala zeramatenei poltsikoan gauzak sartzen zizkien. Bati kondoi bat sartu zion! A ze aurpegia jarri zuen kondoia poltsikotik atera zuenean!”.
Lucenak mediku bati egin ziona gogoratzen du bereziki. “Mediku hari azukrea asko gustatzen zitzaion. Egun hartan beste batzuekin hitz egiten ari zen eta medikuak kafeari azukrea botatzen zion bakoitzean Birikik beste azukre-koxkor bat jartzen zion. Medikua solasaldian kontzentratuta zegoen eta ez zen egiten ari zenaz jabetu. Zortzi bat azukre-koxkor botako zizkion kafeari! Barrez lehertzen ari nintzen eta barratik atera behar izan nuen!”.
Lucenak makina bat pasadizo gogoratzen ditu. “Goizetan Queen taldearen diskoa jartzen genuen eta goiz osoa abesten pasatzen genuen, Birikik biltegian giltzaperatzen ninduen… Baina plazera izan zen berarekin lan egitea”.
Ospitaleko taberna 2007an utzi zuten, nekatuta. Lekukoa Ausolagun enpresak hartu zuen. Terronek eta Gordok Ausolagunekin jarraitu zuten. Terronek 2020an utzi zuen, jubilatu zenean, eta Gordok 2021ean.
Alkohola, tabakoa…
Gauzak asko aldatu dira, gizartean eta ospitalean. Hasieran, alkoholdun edariak saltzen zituzten, ospitaleko tabernan erre egin zitekeen eta txanpon-makina zuten. Bestalde, Terronek eta Gordok joan-etorri asko egon zirela eta azkenerako ospitaleko giroa ez zela hasieran bezain ona diote.
Inoiz ez dute ahaztuko bertan bizitakoa. “Ospitaleko kafetegiko lana oso garrantzitsua izan da nire bizitzan: 25 urte eman nituen bertan, lagun bikainak egin nituen eta nire senarra bertan ezagutu nuen. Biriki eta Maribel sarritan etortzen dira Navarrora bisitan. Gainera, Maribelek nire semeak hezten lagundu zidan txikiak zirenean. Eskerrak ez nintzen kanpora joan lanera”.