June Aiestaran, hirugarrenez Gipuzkoako Eskolarteko txapeldun
Beasaindarrak marka ezarri du, beste inork ez dituelako horrenbeste txapel. Gainera, hirurak jarraian irabazi ditu. Sustrai Goenaga ere finalean izan da
2024. urteko Gipuzkoako Eskolartekoa June Aiestaran Iparragirrek irabazi du. Atzo iluntzean jokatu zen finala, Debako Lastur auzoan.
Aistaranen hirugarren eskolartekoa da, Gipuzkoa mailan. Inork ez du horrenbeste txapel. Badira bi txapel lortutako bertsolariak, tartean Nerea Elustondo legazpiarra eta Amaia Iturriotz urretxuarra, baina hiru garaipen inork ez ditu lortu 44 ediziotan. Gainera, Aiestaranek segidan lortu ditu guztiak.
Aurtengoa izan du Gipuzkoako azken eskolartekoa. Izan ere, 18 urte baino gehiago dituzten bertsolariek ezin dute parte hartu eta Aiestaran 2006. urtekoa da. Halere, oraindik Euskal Herriko Eskolartekoa du kantatzeko.
Joanes Azpillaga azpeitiarrak lagunduko dio finalean. Berak egin zuen bigarren atzokoan. Sustrai Goenaga Intxausti lazkaotarra ere finalean lehiatu zen. Egin beharreko ariketak hauek izan ziren: lau oinak emanda, 8ko txikian, bertso bat; binaka, 8ko handian, bina bertso; binaka, 8ko txikian, bina bertso; banaka, puntu bati erantzun 8ko txikian; eta gaia emanda bertso bat, gehienez 10eko handian. Martxoaren 1ean hasi zen txapelketa, 44 bertsolarirekin eta kanporaketetako bat Legazpin jokatu zen.
Bertso idatzien kategorian, Mara Albistur izan zen onena. Atzetik, Kattalin Arabolazak bukatu zuen. Errenteriarrak dira biak.