KGT Kolektiboaren egoitza berriak ireki ditu ateak
Dorrea etxean dago, Jabekuntza eskolaren eta KZ Gunearen artean. Euskarazko ehundaka publikazio jarri dituzte edonoren eskuraigai
KGT Kolektiboaren Lutxi liburutegiak gaur goizean ireki ditu ateak. Dorrea eraikinean dago, Jabekuntza eskolaren eta KZ Gunearen artean. Euskarazko eta askotariko gaien inguruko hamaika aldizkari eta liburu edonoren eskura jarri dituzte. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan 17:00etatik 19:00etara egongo da irekita eta asteartetan, ostegunetan eta larunbatetan, berriz, 11:00etatik 13:00etara.
Lutxi Irazigune egitasmoaren barruan kokatu behar da. Proiektuaren helburua “adin ezberdinetako pertsonentzako espazio fisiko bat gaitzea da, komunikatzeko, irakurtzeko eta ikasteko balio dezan”.
Kolektiboaren lehen egoitza 1990. hamarkadan ireki zuten, Ordiziako gaztetxe zaharrean. Eraikinak zituen arazoen erruz, gaztetxe berrira lekualdatu behar ziren. Hura ere utzi zuten, baina 30 urtez osatutako bilduma herritarren eskura jartzeko nahiak Lutxi espazioa irekitzera eraman ditu kideak. Hona hemen duela hamar urte baino gehiago kolektiboak berak argitaratutako bideo bat: