Natale Ormazabal eta Danel Madrazoren tortilla da Alde Zaharreko goxoena
Dozena bat tortilla aurkeztu dituzte Ordiziako Alde Zaharreko jaietako lehiaketara. Leire Etxeberria - Iride Ardanaz eta Eneko Akallaga - Eneko Samaniego bikoteek osatu dute podiuma
Natale Ormazabal eta Danel Madrazok egiten dute Ordiziako Alde Zaharreko patata tortilla goxoena. Hala ebatzi du festetako epaimahaiak, eta gaur eguerdian egin duten txapelketa eurek irabazi dute. Denera, dozena bat tortilla aurkeztu dira. Leire Etxeberria – Iride Ardanaz eta Eneko Akallaga – Eneko Samaniego bikoteek osatu dute podiuma. Garaileek Ordizianeko dendetan gastatzeko 50 euroko eta Lasa harategiko beste 50 euroko bonuak jaso dituzte; gainerakoek, Ordizianeko dendetan gastatzeko 50.
Sekretua gatza neurrian erabiltzea dela kontatu du Madrazok. Epaileek ere egin diote horri erreferentzia, bertsotan. Batzuk gaziak zeudela kontatu dute eta beste batzuk, gezak. Halaber, tipuladun tortilla aurkeztu dute. Gehienek egin dute tipularen aldeko apustua.
12:00etan hasi dira lanean eta ordubete pasa izan dute tortillak aurkezteko. Ondo moldatu dira, guztiek entregatu baitute zerbait. Bitartean, bertsolariak aritu dira Ordiziako plaza girotzen. Hauek izan dira epaile, Emauneurre taldeko bi kiderekin batera. Aurkezpena, usaina, testura eta zaporea baloratu dituzte.
Ikusle ugari bildu da sukaldarien inguruan. Eguna borobiltzeko elkarrekin jan dituzte tortilla guztiak. Platerak garbi itzuli dira etxera.