Legazpiko eskubaloi senior taldea, nazioko bigarren mailarako bidean
Gipuzkoako txapelketa irabazita, mailaz igotzeko fasea ari da jokatzen La Salle klubeko Laubide Jatetxea. Ordizia ere igoera fasean dago sartuta.
Gipuzkoako txapeldun titulua eskuratu eta gero, La Salle eskubaloi klubeko Laubide Jatetxea senior taldea bigarren maila nazionalera igotzeko fasea jokatzen ari da, eta ligaxkako lehen partida irabazi du. Harmailak lepo beteta zituen Bikuña kiroldegian jokatu zuen lehen partida hori larunbat arratsaldean, eta 26-13 irabazi zion Bizkaiko txapeldun den Leioako Askartzari.
Legazpiarrek lehen unetik utzi zuten argi ez zirela kikilduko bizkaitarren sendotasunaren aurrean. Etxekoek joko azkarragoa zuten, eta Manolo Mugerzak, Eneko Telleriak eta Asier Iztuetak gidatuta, hutsuneak aurkitu zituzten bisitarien defentsan, lau tantoko aldea lortuz partida hasi eta berehala. Jokoa hain azkarra izan zen, kanpokoen entrenatzaileak denbora eskatu behar izan zuela gol zaparrada eteteko. Etenaldiaren ondoren partidak bide beretik jarraitu zuen, eta defentsa indartsu eta zirrikiturik gabeko bati esker, eta bizkaitarren golak arazorik gabe gelditzen zituzten atezainen lan paregabearen laguntzarekin, 14-6ko emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian irmo jarraitu zuen Laubide Jatetxeak, sorpresarako tarterik ez uzteko. Horrela, joko azkarrari eta kanpoko jaurtiketa eraginkorrei esker, 13 goleko aldea lortuta zuten legazpiarrek partida amaitzeko bost minutu geratzen zirenean, eta alde horri eustea lortu zuten amaierara arte, azken emaitza 26-13 izanik.
Hurrengo jardunaldia Andoainen jokatuko dute La Sallekoek, eta han aurkari gogorra izango dute, Leizaran, Gipuzkoako txapelketan bigarren geratu zena. Taldeko arduradunek diotenez, hau izango da igoera faseko partida giltzarria.
Ordizia ere, igoera fasean
Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko sei talde ari dira jokatzen bigarren maila nazionalera igotzeko fasea, eta Ordizia Siglo XXI Plater Prestatua ere horien artean da. Beste lau taldeak Andoaingo Leizaran Ernio Inmobiliaria, Leioako Condunor Askartza (Bizkaia), Bilboko Universidad de Deusto Loyola CDB (Bizkaia) eta Gasteizko Iparcom Gure Auzune (Araba) dira.