Legazpiko judokek hainbat domina irabazi dituzte Euskadiko txapelketan
Unax Larrazak urrea irabazi du haur mailan, eta Espainiako txapelketan parte hartzeko txartela lortu du.
Urrezko domina bat, zilarrezko beste bat eta brontzezko hiru. Hori izan da Judo Legazpi klubeko haur eta kadete mailako kideek asteburuan Erandion (Bizkaia) jokatu den Euskadiko txapelketatik ekarri duten saria. Dominak lortzeaz gain, gainerako kirolariek egin duten lana ere aipagarria izan da. Guztira, haur mailako hiru judoka eta kadete mailako hamar izan dira lehian.
Haur mailakoak izan dira emaitza onenak lortu dituztenak. Euskadiko Judo Jolasetan aritu dira Legazpiko hiru judoka, eta Unax Larrazak urrea lortu du -42 kiloko kategorian, Oier Astorquiak zilarra -60 kiloko kategorian, eta Marcos Calvo bosgarrena izan da -50 kilotan. Urrearekin, Larrazak Espainiako txapelketan parte hartzeko txartela irabazi du. Hilaren 27an jokatuko da, Iruñean.
Kadeteek ere emaitza onak lortu dituzte. Hala, Alfredo Suarezek brontzea irabazi du -50 kiloko kategorian, Unax Pereirak ere brontzea lortu du -73 kilotan, eta Anderson Valbuena ere brontzea izan da -90Kg kategorian. Xabier Parrak, berriz, bosgarren egin du -73Kg kategorian, eta Urko Osinalde ere bosgarrena izan da -55Kg kategorian. Iñigo Arakamak, Aiur Berasategik, Ibai Saralegik eta Aratz Masedak ere parte hartu zuten, baina ez zuten zorte handirik izan lehian.