Mailari eutsi dio Ampo Ordiziak
21-6 irabazi dio Barça Rugby-ri Altamiran. Asier Alvarez de Eulatek azken partida jokatu du taldearekin eta omenaldi xume bat egin diote.
Ampo Ordiziak Ohorezko Mailari eustea lortu du liga erregularreko azken jardunaldian. Atzo jokatu zuen denboraldiko azken partida Barça Rugby-ren aurka, Altamiran, eta 21-6 irabazi zuen. Denboraldia amaitu da talde goierritarrarentzat, play off-eko kanporaketatik kanpo geratu baita, baina maila gorenean jarraituko du datorren urtean ere.
12:00etarako aurreikusita zegoen partida azkenean ordu erdi atzeratu zuten eta 12:30ean hasi zen, Ampo Ordiziak B multzoko partida guztiak ordu berean jokatzea eskatuta eta federazioak hala onartuta. Aurretik jarri zen markagailuan Ampo Ordizia 4. minutuan, zigor kolpe baten bidez. Aurkariak berdindu eta aurretik jarri ziren bi zigor kolperekin, baina ez zuten puntu gehiagorik batu ondoren. Ordiziak entsegua lortu zuen eta atsedenaldira 8-6ko markagailuarekin joan ziren. Bigarren zatian entsegu bat, transformazioa eta bi zigor kolpe eginda, 21-6 amaitu zen partida.
Bi taldeentzat partida erabakigarria zen, bigarren mailarako jaitsiera zegoelako jokoan. Azkenean, Barça Rugby-k jokatuko du jaitsierako promozioa, eta Pasek Belenos zuzenean jaitsiko da bigarren mailara. B multzotik, Complutense Cisnerosek era Les Abelles-ek jokatuko dute play off-eko kanporaketa.
Omenaldia
Asier Alvarez de Eulatek bere azken partida jokatu zuen. Etxean izan zen gainera, Altamiran, eta hala, zaleen, taldekideen eta klubeko kideen babesarekin, omenaldia egin zion Ordizia Rugby Elkarteak. Urte mordoa ibili da klubean, gazte mailan lehenengo eta ondoren urte gehienak lehenengo taldean. Kapitaina izan da eta erreferente bilakatu da taldekide zein gazteentzat. 2022an, 300 partidako langa pasa zuen lehen taldearekin eta iaz Ordizia Kirol Sari nagusia jaso zuen bere ibilbidearengatik. Atzoko partidaren ondoren, bazkari batekin jarraitu zuen omenaldiak.