Orientazio jokoa egingo dute Izadi Zaleak elkartekoek larunbatean
Ardanbideta inguruan izango da hitzordua, Kimu-Berri aterpearen ondoan, haurrei eta gazteei zuzenduta. Izena eman behar da parte hartzeko, bihar eta ostegunean, elkartean bertan.
Legazpiko Izadi Zaleak mendizale elkarteak orientazio proba antolatu du larunbat arratsalderako, herriko haurrei eta gazteei zuzenduta. Parte hartzeko izena eman behar da elkartean bertan, bihar eta ostegunean, 18:30etik 19:30era, edo posta elektroniko bidez izadifederatuak@gmail.com helbidean.
Proba 17:00etan hasiko da, baina 15:30an izango da hitzordua elkartean, Ardanbidetara oinez igotzeko. Parte hartzaileei mapa, iparrorratza eta balizak aurkitzeko jarraibideak emango dizkiete antolatzaileek. Ibilbide osoa denbora laburrenean osatzen duen taldea izango da irabazlea. Mendizale guztiak parte hartzera animatzen ditu Izadi Zaleak elkarteak, batez ere maiatzean La Perdida izeneko irteerara joango direnak.
Bestalde, Izadi Zaleak elkartea arduratuko da Kimu Berrin salda eta txorizoa banatzeaz igandean horretan, eta larunbateko haurren eta gazteen jokorako jarritako balizak arratsaldera arte kenduko ez direnez, aterpe ingurura joaten direnek orientazioan trebatzeko aukera izango dute egun osoan zehar. Hasiberriei oinarrizko orientazio kontzeptuak irakatsiko dizkiete bertan, balizak bilatzen hasi aurretik.