Aspanogiren aldeko elkartasun azoka egingo du ostiralean Domingo Agirrek
Euskal Herria plazan izango da, arratsaldez. Gozoak salduko dituzte, eta ateratako dirua minbizia duten haurren familiak biltzen dituen Aspanogi elkartearentzat izango da.
Legazpiko Domingo Agirre eskola publikoaren komunitateak elkartasun azoka berri bat egingo du ostiralean, Euskal Herria plazan. Jaki gozoak jarriko dituzte salgai, eta ateratako dirua minbizia duten Gipuzkoako haurren familiak biltzen dituen Aspanogi elkartearentzat izango da.
Azoka 16:30etik 19:30era egongo da zabalik, udaletxe aurreko gunean. Bertan, eskola komunitatea osatzen duten partaideek egindako bizkotxoak, erroskilak, gailetak, madalenak, ogiak eta abar salduko dituzte, eta inguruko ekoizleen produktuekin osatutako saskia ere zozkatuko dute. Bildutako diru guztia Aspanogirentzat izango da.
Elkartasun hutsa da azoka honen xedea, eta dirua biltzeaz gain, sentsibilizazioa ere landuko dute ikasleen artean horren aitzakian. Aurreko egunetan, “elkartasuna zer den, nola lagundu dezakegun, gure inguruan zer behar dauden…” azaldu eta landuko dute ikastetxean, “etorkizuneko herritar izango ditugun gure eskolako gaztetxo hauek, guztiok laguntzeko ahalmena dugula, eta ekintzarik xumeena lorpen handia izan daitekeela ohartzen joan daitezen”.
Elkartasun azoka, 2016tik
Domingo Agirre eskolakoak 2016an hasi ziren elkartasun azoka egiten, eta orain arte hiru egin dituzte. Azoka horietan lortutako dirua hainbat elkarte eta pertsonari laguntzeko bideratu dute. Lehenengoa, 2016koan, Aratz Aldai garuneko paralisia zuen haurra laguntzeko izan zen. 2019an egindakoak, berriz, Mowat-Wilson gaixotasuna zuen Jon Ander Aldaregia gaztea laguntzea izan zuen helburua, eta azkenekoan, 2022koan, Ukrainako haurrei bidali zitzaien dirua.
Aurten, Aspanogik jasoko du dirua.