Idazleak eta legazpiarrak bat eginda, liburutegiaren eskutik Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko
Miren Agur Meabe, Nerea Ibarzabal, Miren Amuriza eta Angel Erro dira aurtengo gonbidatuak. Ines Bengoa ipuin kontalariak ere parte hartuko du. Aste betez luzatuko dira ekitaldiak, bihartik aurrera
Legazpiko Udal Liburutegiak bat egin du aurten ere apirilaren 2ko Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko egunarekin eta apirilaren 23ko Liburuaren eta Jabego Intelektualaren Nazioarteko Egunarekin. Horregatik, eta helduak, gazteak eta haurrak liburutegira eta irakurketara erakarri nahian, hainbat idazle protagonista izango dituen ekitaldi sorta antolatu du datozen egunetarako.
Aurtengo gonbidatuak Miren Agur Meabe, Nerea Ibarzabal, Miren Amuriza eta Angel Erro idazleak eta Ines Bengoa ipuin kontalaria izango dira. Hitzordu guztiak Kultur Etxean izango dira.
Egitarau zabala
Ines Bengoaren ipuin kontaketa saioak irekiko du bihar Liburuaren Egunaren inguruko egitaraua. Liburutegian izango da, 18:00etan, eta 5 urtetik aurrerako haurrei zuzenduta egongo da.
Hurrengo astelehenean, hilak 22, Miren Agur Meaberekin solasaldia egingo dute DBHko ikasleek, Itsasoaren atea liburuaren inguruan.
Asteratean, berriz, Nerea Ibarzabal batxilergoko ikasleekin elkartuko da Bar Gloria liburuaz hitz egiteko.
Miren Amurizarekin eta horren Basa liburuarekin izango da hurrengo hitzordua, hilaren 24an, asteazkena, 18:00etan. Gaztelerazko irakurketa klubaren baitan izango da idazlearen eta irakurleen arteko topaketa, Monica Leivak gidatua. Liburua liburutegian dago eskuragarri.
Amaitzeko, Angel Erroren txanda izango da, eta hilaren 25ean, osteguna, 18:30ean, Poema liburu bat: irakurtzeko jarraibideak liburuaz hitz egingo du euskarazko irakurketa klubean, Miriam Lukik gidatua. Liburu hori ere liburutegian dago.