Mugi txartela Legazpiko KzGuneko langileen laguntzarekin egin daiteke dagoeneko
Hitzordua eskatu behar da aurretik. Txartela kargatzeko Apatxo liburu denda, tren geltokia, eta Kutxabanken Kale Nagusiko eta Laubideko kutxazainak daude.
Mugi garraio txartelaren inguruko tramiteak KzGunean egin daitezke dagoeneko Legazpin. Bertako langileek lagundu egingo diete herritarrei txartelaren zerikusia duten tramiteak internetez egiten. Horretarako, hitzordua eskatu behar da aurretik, Kultur Etxean duen gunera joanda edo 943 02 3 663 telefonora zenbakira deitua. Web orrian ere eskatu daiteke txanda: https://www.kzgunea.eus/eu/aldez-aurreko-hitzordua.
Legazpiko KZgunea 16:00etatik 20:00etara dago zabalik apirilean, ekainean, irailean eta azaroan, eta 09:00etatik 13:00etara maiatzenn, uztailean, urrian eta abenduan; abuztuan itxita egongo da.
Aurkeztu beharrekoak
Mugi txartelaren eskaerak egiteko NAN edo AIZ dokumentuak, argazkia eta txartelean alta emateko edo berritzeko ordaindu beharreko 5 euroak ordaintzeko kreditu txartela eraman beharko dira. Gainera, posta elektronikoa eta telefono mugikorra eduki behar dira.
Gazteentzako, adinekoentzako, desgaitasuna dutenentzako edo familia ugarientzako edo familia berezientzako hobari espezifikoa duen Mugi txartel pertsonalizatua eskatuz gero, ez da beharrezkoa baldintza horiek egiaztatzen dituzten dokumentuak hitzordura eramatea, Mugik berak egiten baititu egiaztapenak.
Aldiz, Mugi txartel sozial bat eskatuz gero, gizarte larrialdietarako laguntzen titularra edo onuraduna dela adierazten duen ziurtagiria eraman behar da hitzordura, edo, bestela, Lanbidek emandako ziurtagiria, Diru sarrerak bermatzeko errentaren edo Bizitzeko Gutxieneko Diru sarreraren onuraduna bada. Kolektibo horiek hobari bereziak izan ditzakete Mugi txartelean, % 25etik % 108ra bitartekoak, kasuaren arabera.
Legazpiko KzGunea, lehena
Legazpiko KzGunea da Gipuzkoako lehena Mugi txartelaren tramiteak egiten laguntzen duena, eta hori udalaren, Euskadiko KZguneen eta Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren elkarlanaren ondorioa da.
Txartela kargatzeko puntuak
MUGI txartela kargatzeko, berriz, honako puntu hauek daude Legazpin: Apatxo liburu dendan, tren geltokian, eta Kutxabankek Kale Nagusian eta Laubiden dituen bi kutxazainak. Kutxabankeko bezero izatea ez da derrigorrezkoa, eta txartela kargatzeagatik ez dute komisioirik kobratzen. Webgunean ere kargatu daiteke txartela: www.mugi.eus.