Joan den asteko ostegunean hil zen Primi. Oso ezaguna zen legazpiarren artean, besteak beste Olentzero eta Errege Mago izan zelako.
Aizkorri kalean bizi zen Primitivo Murgiondo Mutiloa ‘Primi’, eta bertako banku batean eserita gogoratuko dute legazpiarrek, pasatzen zen guztiari agur esaten eta askori eta askori hizpidea ematen. Adinean aurrera doazenek, Olentzero eta Errege Magoaren paperean ere gogoratuko dute; mendizaleek, mendian; bertsozaleek, bertso saioetan. Udalak Kultura Saria eman zion 2017an.
Primi joan den ostegunean hil zen, 80 urte zituela, eta familiak horrela gogoratuko du: “Gure Primi. Gurea zen, legazpiar guztiona. Pertsonai bat bilakatu zen herrian. Olentzero, errege majoa, mendizale, bertsozale… Nork ez zuen ezagutzen Primi?”. Eta hau ere erantsi dute: “Apala, irribarretsua eta maitagarria izanik, guztion mirespena lortu zuen. Berak hau esaten zuen: Primitivo Murgiondo Mutiloa, eficiente y complaciente”.
Familiak, bestalde, eskerrak eman nahi ditu jaso dituen dolumin eta elkartasun mezu guztiengatik, asko izan baitira. “Esker mile familian jaso ditugun adierazpenen ederrengatik”, esan dute. Eta eskerrak luzatu dizkiete, baita ere, hileta elizkizunean parte hartu zuten abesbatzako kideei eta txistulariei, egin zuten “agur politarengatik”.
ARGAZKIA: Gorka Salmeron
Primiren Aizkorri kaleko bankua.
Primi, erdian, 2017ko Kultura Saria izan zen Jesus Castillejo musikariarekin eta Nerea Elustondo bertsolariarekin. ARGAZKIA: Legazpiko Udala