Emaneurreren XVII. eskuz binakako pilota txapelketarako izen-ematea ireki dute
XVII. Ordiziako eskuz binakako pilota txapelketa herrikoirako izen-ematea ireki du Emaneurre talde antolatzaileak. Parte hartu nahi duten bikoteek apirilaren 30era arte izango dute izena emateko aukera. Pilotan federatuta daudenek ezingo dute txapelketan parte hartu.
Posta elektronikoz egin behar da izen-ematea, baina aurrez, izena eman ahal izateko, 10 euro sartu behar dira ES 59 2095 5073 01 1063785298 kontu korrontean, bikotea osatuko dutenen izen-abizenak adierazita. emaneurretaldea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali beharko da gero, partaideen izen-abizenak, telefono zenbaki bat eta ordainagiriaren kopia atxikituta.
Urtero bezala, baldintza batzuk bete behar dituzte parte hartzaileek, gutxienez hauetatik bat: Ordizian jaioa izatea, bertan erroldatua egotea, txikitatik Ordizian ikasi izana edo herriarekin lotura estua eta jarraia izatea.
Finala, jaietan
Maiatzean hasi ohi da txapelketa. Lehenengo fasearen ondoren, bigarren fasean urrezko, zilarrezko eta brontzezko ligatan banatzen da kanporaketa, eta finalak Ordiziako Santa Ana jaien bezperatan izaten dira. Iaz, 22 bikotek eman zuten izena. Urrezko liga Sergio Mendez-Olazabal bikoteak irabazi zuen, zilarrezko liga Iztueta-Arruabarrena bikoteak, eta brontzezkoa Arruabarrena-Rodriguezek.
Txapelketako koadroa parte hartzaile kopuruaren arabera diseinatuko dute. Bikote bakoitzak ordezkari bat ere izendatu dezake, baina bigarren faseko azken partida jokatzen dutenek jokatu beharko dute finala.