Goierriko AHTrik ez! plataformak Altsasuko manifestaziora joateko deia egin du
'Alternatibaren Alde, Herritarron Hitza Errespetatu. AHTaren Txikizioa Gelditu' lemapean manifestazioa deitu dute larunbaterako Sakanako, Laudatako eta Goierriko eragileek.
Goierriko AHTrik ez! plataformak datorren larunbatean, hilak 20, Altsasuko BMtik (18:00) abiatuko den manifestaziora joateko deia egin die goierritarrei. Alternatibaren Alde, Herritarron Hitza Errespetatu. AHTaren Txikizioa Gelditu da mobilizazioaren lema, eta Sakanako Nafarroa Trenaren alde taldeak, Arabako Lautadako Araba Trenaren alde taldeak eta Goierriko AHTrik ez! plataformak deitu dute.
Manifestazio horren helburua “abiadura handiko trenek soilik erabiltzeko trenbide-azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea eta gaur egungo tren-azpiegiturak berritzea eta trenen maiztasuna handitzea da”, trena “benetako garraiobide” bihur dadin.
‘Alternatiba’ mahai gainean
Deitzaileek duela urte eta erdi aurkeztutako eta hiru bide- ingeniarik idatzitako Alternatiba aurrera eramateko eskatzen dute,. “Azterlan tekniko alternatiboa egungo bideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritzen da, eta eragindako herri eta kontzejuen eskaerak jasotzen ditu, Garraio Ministerioak proposatutakoa baino 2.000 milioi euro gutxiagoko kostu ekonomikoarekin”.
Proposatzen duten aukerak “abantaila handi bat planteatzen” duela diote: salgaien eta pertsonen trafiko mistorako erabil daiteke. “Era berean, abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua eta aldiriko eta eskualdeko trenak ere barne hartuko lituzke, eskaera guztia trenbide-plataforma bakar batekin betez”.
Alternatiba txostenaren arabera, Burgos Gasteizekin eta Gasteiz Iruñearekin lotzen dituzten tren lasterrentzako bidaia-denborak 10 eta 8 minutu baino ez lirateke handituko, hurrenez hurren. “Trukean, aldirietako eta eskualdeetako konexioak hobetuko lirateke, geltoki guztiak berrituko lirateke, berri batzuk irekiz, geralekuak berreskuratuko lirateke eta ingurumen- inpaktua askoz ere txikiagoa izango litzateke”.
Ildo beretik, gogorarazi dute Euskal Y-aren eta Iruñearen arteko loturak eragindako udalerrietako alkatetzen %70 baino gehiago planteatutako Alternatiba gauzatzearen alde daudela. “Horregatik eskatzen dugu herriaren borondatea errespetatzea, trenbide-azpiegitura berri bat eraikitzeko lan guztiak gelditzea eta planteatutako Alternatiba aurrera eramatea”.
Manifestazio animatu eta koloretsua
Larunbateko manifestazioa “garrantzitsua bezain polita” izango dela diote deitzaileek: “Fanfarrea, joaldunak, erraldoiak, Irurtzungo izaki mitologikoak, Jotafa txaranga, txalapartariak, bertsolariak, traktoreak eta abar luze bat izango ditugu”