Hezkuntzaren publikotasuna hizpide Ordizian
Euskal Eskola Publikoa, Gaur, Bihar ekimeneko kide Xabier Mendizabalek 'Publikotasuna zergatik, zertarako?' hitzaldia egingo du Barrena kultur etxean.
Ekainaren 2an Ordizian ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia hiru ardatzetan ari dira antolatzen: publikotasuna, euskara eta aniztasuna eta inklusioa. Jaiaren bueltan eta ardatz horietan oinarrituta, hiru hitzaldi/mahai-inguru egingo dituzte ikasturtean zehar. Lehena martxoan egin zuten, euskalduntzeko estrategiez. Bigarrena, berriz, bihar egingo dute, Barrena kultur etxean.
Euskaran ardaztuta, Mundu bat euskaraz: familian, eskolan eta herrian euskalduntzeko estrategiak mahai-ingurua egin zuten martxoan Paula Kasares soziolinguistaren, Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Udaleko euskara arduradunaren eta Ordiziako eskola publikoko komunitateko gurasoen eskutik.
Biharko hitzaldia Xabier Mendizabal Euskal Eskola Publikoa, Gaur, Bihar ekimeneko kidearen eskutik izango da, 18:00etan hasita. Euskal Eskola Publikoa ahalduntzeko estrategiez ariko da hizketan, Publikotasuna zergatik, zertarako? izenburupean. «Bizi dugun hezkuntzaren pribatizazioaren blindajearen testuinguruan, Mendizabalek honaino nola iritsi garen aztertuko du eta Euskal Eskola Publikoaren etorkizunari buruzko hausnarketa estrategikoa egingo du», azaldu dute antolatzaileek. Azken ekitaldia aniztasunaren eta inklusioaren inguruan izango da.
50. urteurreneko festa
Maiatzaren 4an, Ordiziako Urdaneta eskola publikoak 50. urteurreneko festa egingo du. Paella erraldoian parte hartu nahi dutenek ostiralera arte eman dezakete izena. Gaur, 16:30etik 17:30era Lehen eta Haur Hezkuntzako eraikinean mahaiak jarriko dituzte horretarako. Transferentzia bidez ere egin daiteke.