Lehenengo Bizikleta Festa antolatu du Txirrindulari Elkarteak
Larunbat honetan izango da 17:30etik aurrera. Aurretik, Eskolarteko Txirrindularitza lasterketak jokatuko dituzte herrian zehar prestatuko duten zirkuituan.
Segurako Txirrindulari Elkarteak Eskolarteko txirrindulari lasterketak antolatu ditu asteburu honetarako. Horren baitan, eta herriko haurrei ere txirrindularitzaz gozatzeko aukera emateko asmoz, Bizikleta Festa antolatuko dute lehenengoz.
Joanes Imaz Segurako Txirrindulari Elkarteko kideak esan duenez, eskolarteko lasterketak kimu eta gazteen mailetan jokatuko dituzte eta «benjamin mailakoek teknifikazio saio bat izango dute», gaineratu du. Goierri, Tolosaldea eta Andoaingo txirrindu eskoletako haur eta gazteak espero dituzte Seguran. Lasterketei eta teknifikazio saioari 16:00etan emango diote hasiera, larunbat honetan. Parte hartzaileek herrian zehar prestatutako zirkuituan lehiatuko dira.
Behin, eskolarteko lasterketak amaituta, Bizikleta Festari hasiera emango diote, 17:30ean. Festa «irekia» izango da, baina bereziki herriko haurrei zuzendutakoa: «Beti kanpokoentzako saioak antolatu gabe, herriko haurrentzat ere, zerbait antolatu nahi genuen», esan du.
Ekintza ezberdinak
Bizikleta Festaren barruan, bizikletarekin lotuta ekintza ezberdinak izango dira Segurako plazan. Bizikletaren gainean teknika hobetzeko ginkana, bizikletaren mantenurako gomendioak —katea nola sartu, zulatuak nola konpondu…— eta bide segurtasunari eta herrian bizikletaz zirkulatzeari buruzko hainbat gomendio emango dituzte. Parte hartuko duen haurretako bakoitzak bere bizikleta eta kaskoa eraman beharko ditu.