Udaberriko zizak ugaritzen ari dira
Garbiñe Barandiaran iritsi da zizak saltzera, eta hiru perretxiko saltzaile izango dira ferian datozen asteetan. Hiru dira ere landare saltzaileak, eta tomate aukera zabala dute.
Babak eta ilarrak iritsita eta eskaintzan ondo finkatuta, perretxikoak dira orain Ordiziako feriako errege-erreginak, eta atal horretan izan dira gaur berritasun handienak. Saltzaile berria iritsi da batetik, eta perretxiko mota bat gehiago, bestetik.
Gaurko feriak, bestalde, eguraldi lardatsa erakutsi du, tarteka lanbroa edo euria zirela, eta aurreko astean baino jende gutxiago ere bai, batez ere landare postuetan. Bisitariak, aldiz, aspaldiko ugarienak, lau talde: Altza herri ikastetxeko LH2ko 46 ikasle, Irungo Zelaiburu elkarteko 50 jubilatu, Goierri lanbide eskolako Esloveniako eta Italiako ikasle gonbidatuak, eta Goiekiren bidez iritsitako Guatemalako enpresari batzuk. Feriaren ardura eta horren bisitak daramatzan D’Elikatuz oso lanpetuta dabil azkenaldian.
Bisitatzat jo daiteke, baita ere, Urdaneta herri eskolako ikasleena. Eguerdi aldera azaldu da talde handitxo bat, Ordizian bertan ekainaren 2an ospatuko den eskola publikoaren festarako bideo bat grabatzeko. Goitik behera aztoratu dute feriako giroa, onerako, esan behar da.
Hiru perretxiko saltzaile
Lanpetuta dabiltza, baita ere, perretxiko saltzaileak. Atzo Gasteizko Garbiñe Barandiaran elkartu zaie gaur Mikel Lasari eta Felix Barcinaren Basoa enpresakoei salmenta lanetan, eta datozen asteetan, ziza denboraldiak irauten duen bitartean behintzat, hiru saltzaile izango dira.
Ziza izan da eskainitako ugariena, hiruen artean 230 kilo batu dituztelako, kiloa 15 eta 70 euro artean. Denboraldi honetan izan den ziza kopururik altuena izan da. Udaberriko zizaren ondotik ziza horiak aipatu behar dira, 17 kilo, 22 eta 24 euro artean. Eta hirugarren postuan zeuden onddoak, geroz eta ugariagoak horiek ere: 16 kilo, 33 eta 38 euro artean.
Mikologiaren atal honetako berritasuna karraspina izan da (colmenilla gazteleraz). Lasak zituen hamar kilo salgai, kiloa 30 euroan.
Barcinak, bestalde, San Prudentziotan jarrita du begirada dagoeneko. Apirilaren 28a da San Prudentzio, festa egun handia Gasteizen, eta horretan barraskiloak jatea da ohitura. Ohitura hori Goierrira hurbiltzen du urtero, eta aurten ere barraskiloak jarri ditu salgai egun horri begira, bizirik, kiloa 11 euroan.
Tomate mota gehiago
Hiru landare saltzaileen postuetan aurreko asteko mugimendurik ez da izan, baina baratzetan oraindik lan handia dago, eta horretan dabiltzanentzat, tomate aukera zabaldu dela esan behar da. Jack, Aretxabaleta, Idibihotz, Montecarlo, gerezi horia, Raf, arrosa… mota askotakoak daude salgai, 0,60 euroan bakoitza, baita Jack txertatua ere, 2 euroan.
Landareetan, albaka da berria, bakoitza 0,80 euroan.
Bitxikeria gisa, bestalde, marrubiak landatzeko garaia ere bada oraindik, eta landareak aukeran dituzte saltzaileek. Iguategikoek fruta eta guzti zuten salgai, euro batean.
Ardi gazta gehiago
Ardi gazta berria aspaldi iritsi zen feriara, baina Etxabe legazpiarrak duela gutxi jarri du salgai, Jose Etxabe izeneko etiketarekin. Urbasako artzain bati erositako esnearekin Urretxun duten gaztandegian egindakoa da, eta naturala zein ketua du aukeran, kiloa 23 euroan.
Kanpoko produktuen eskaintzari dagokionez, azkenik, produktu berriak iritsi direla esan behar da, eta gaur urteko lehen nektarinak jarri ditu salgai Iriarte fruta saltzaileak, Murtziakoak, kiloa 6,9 euroan.