Gorka Salmeronen argazkiak San Telmo museoan daude ikusgai
Argazkilari legazpiarrak 1989tik 2014ra bitartean osatutako 'Leaxpi, industri paisaiak' bildumako hamaika lan dira. '100 urte. Modernoa eta /edo garaikidea' da erakusketaren izenburua, eta bi urtez egongo da ikusgai.
Donostiako San Telmo museoak ireki berri duen 100 urte. Modernoa eta /edo garaikidea erakusketan Gorka Salmeron argazkilari legazpiarraren lanak daude ikusgai. 1989tik 2014ra bitartean osatutako Leaxpi, industri paisaiak bildumaren zati bat dira, San Telmo museoari duela urte batzuk saldutako 45 argazkiko karpeta batekoak hain zuzen. Bitrina batean dago jasota karpeta hori, eta hortik ateratako hamaika irudi ikusten dira bertan. Karpeta horretako argazkiak 1990 eta 1993 artean egindakoak dira.
Salmeronek azaldu duenez, “opari bat da” euskal arte garaikideari eskainita bi urtez ikusgai egongo den erakusketa horren parte izatea, “azken urteetako izen handiko artisten artean” sartu duelako Peio Agirre komisarioak.
Erakusketak 83 artelan jasotzen ditu, eskulturak, argazkiak, margoak, marrazkiak, bideoak eta beste artelan grafiko batzuk hain zuzen. Gaika daude antolatuta, eta Salmeronen argazkiak Industrialismoa atalean kokatzen dira.
Joan den ostiralean inauguratu zen erakusketa, baina Salmeronek ezin izan zuen joan ekitaldira, eta oraindik ez du ikusteko aukerarik izan. Igande honetan joango da. Ezagutzeko “irrikan” dago.