Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak goi mailako kalifikazioa jaso du
Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako udalen partaidetza du eta herri horietako abeltzainei ematen die zerbitzua. Iazko ekoizpen kopuruak %7ko igoera izan zuen aurreko urtearekin alderatuta.
Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako udalen partaidetza duen Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak Goi Mailako kalifikazioa jaso du urte hasieran Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aldetik egindako ikuskaritzan. Zerbitzuaren azpiegitura, dokumentazioa, lan modua eta gainontzeko faktoreak aztertu zituen ikuskaritzak. Euskal Autonomi Erkidegoan Goi Mailako kalifikazioa duen hiltegi eta zatitze zerbitzu bakarra da.
Kalifikazio hori emateko orduan, 2023an zehar Zubillaga-Oñatin egindako inbertsioek izan duten emaitza positiboa hartu dute kontuan. Izan ere, azpiegituretan egindako hobekuntzek eragin zuzena izan dute ekoizten diren produktuen kalitatean, zein ekoizpen prozesuaren segurtasunean. Zerbitzuko arduradunek adierazi dutenez, “guzti honek, urteetan zehar garatutako esperientzia eta jakintzarekin batera, Zubillaga-Oñati lehen lerroan kokatzen du elikagaien zein prozesuei dagokionez”, eta “herritarren kontsumo osasungarria bermatzeko, baserritarrek eta harakinek kalitatezko produktuak merkaturatzeko erakundeak duen konpromisoa” berresten du.
2023ko ekitaldiaren datuak
Osasun Sailaren ikuskaritzaren kalifikazioaren berri emateaz gain, 2023ko ekitaldiaren balorazioa ere egin du Zubillaga-Oñatiko gerentziak. “Egungo egoera ekonomikoa, elikagaien prezioen igoera eta baserritarrek gaur egun duten egoera” kontuan hartuta, “oro har ekoizpena modu egokian” mantendu dela azpimarratu du, baina estatu mailan haragi kontsumoa nabarmen jaitsi dela ere adierazi du.
Iazko ekoizpena 1.582.241kg/kanalekoa izan zela jakinarazi du, eta horietatik 64 tona ekoizpen ekologikoari dagozkiela. Kopuru horiek %7an hobetu dute 2022ko datua. Horrez gain, nabarmendu du ekoizpenaren %32a Euskal Okela zigiluari dagokiola, eta Euskal Autonomia Erkidego osokoa %13a dela. Ekoizpenaren jatorriari dagokionez, 1.007 ustiategiri eman zien zerbitzua iaz: %47 Bizkaian, %26 Gipuzkoan, %18 Araban, eta %9 Nafarroan. Horrez gain, zatitze zerbitzuak 389.000 kg./kanal zatitu eta prestatu zituen, salmenta zuzenera, harategietara eta autokontsumora bideratuak.