Goierri garaiak ateak irekiko dizkio turismo industrialari hurrengo astean
Hirugarren edizioa beteko dute Turismo Industrialeko Ate Irekiak jardunaldiek. Hilaren 26tik 28ra bitartean hainbat bisita gidatu eta jarduera egiteko aukera izango da, doan.
Turismo Industrialeko Ate Irekiak jardunaldiak egingo dira datorren astean Goierri garaian, Ezagutu turismo industriala barrutik lelopean. Jardunaldien hirugarren edizioa da, eta egitarau bete-betea eskainiko dute hilaren 26tik 28ra bitartean, “bertakoek eta bisitariek eskualdeko industriaren historian murgiltzeko aukera” izan dezaten.
Ate Irekien jardunaldien helburu nagusia Goierri garaiak eskaintzen dituen “baliabide baliotsuak” ezagutzera ematea da. Aurtengo edizioa berezia izango da, gainera, Eduardo Txillida eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko Legazpin antolatu den Txillida 100 Urte ekimenarekin bat egiten duelako.
Doako bisitak
Hiru eguneko egitaraua osatu dute jardunaldien barruan, eta hainbat bisita eta jarduera eskaintzen ditu, guztiak doakoak. Urola Garaia Turismoa da antolatzailea.
Egitaraua apirilaren 26an hasiko da Legazpiko Txillida Lantokian egingo den ekitaldi batekin. Ondoren, Jose Maria eta Maria Elosegik zuzendutako El Peine del Viento, ingenieria de su colocacion dokumentala proiektatuko dute, Patricio Etxeberria enpresariak, Eduardo Txillida artistak eta Jose Maria Elosegi ingeniariak Haizearen Orrazia eskultura sortzeko egindako lankidetza azpimarratzen duena. Proiekzioaz gain, bisita gidatua eskainiko da Txillida Lantokian, “esperientzia osatzeko asmoarekin”.
Irekiera ekitaldi horretatik aurrera, eta igande arratsaldera arte, bisita gidatu eta bestelako jarduera ugari izango dira Goierriko garaiko lau herrietan, horietako batzuk bereziki familiei zuzendutakoak.
Bisitak eta jarduerak
Legazpin hainbat bisita eta jarduera eskainiko dira. Txillida Lantokian ostiralean jardunaldiak irekiko dituztenez gain, arte tailerrak egingo dituzte bertan, eta hortik kanpo, Langileen ibilbidea eta 1950eko hamarkadako eskola ezagutzeko aukera emango dute bisitek, eta lantegi berrien sorrerarekin langile familien bizitzaren eraldaketa ulertu ahal izango da. Baserritarren bizimodura ere hurbildu ahal izango dira bisitariak, Brinkolako Igaralde errota eta Ogiaren txokoa ezagutuz; Igaralde Bekoa baserriak XVI. mendeko errota bat du barruan, Urola ibaiko uraren indarrez alea ehotzen jarraitzen duena, eta ondoan dagoen Igaralde Garakoa baserrian, haurrek opila egiteko aukera izango dute. Mirandaolako burdinola martxan ikusita, bestalde, olagizonek burdina nola lantzen zuten ezagutzeko aukera izango da. Azkenik, Euskal Burdinaren Museoan antolatutako ihes gelan, burdinaren historia ezagutzeko beste modu bat aurkituko dute bisitariek.
Ezkion Igartubeiti baserri-dolarearen eskutik, industrializazioaren aurreko garaia ezagutu ahal izango da, eta sagardoa egiteko prentsaren funtzionamendua ere bai.
Urretxun, Agata gaileta tailerra eta Urrelur mineralen museora bisita egin ahal izango dira. Gainera, Zumarraga ere barne hartuz, bi herrien historia ulertzeko ibilaldi gidatu bat eskainiko da, bidegorria ardatz hartuta.
Zumarragan ere eskainiko da ibilbide bat, Zumarraga, Bide bizia izenburuarekin, Urola ibarraren goialdeko prozesu industrializatzaileari lotutakoa.
Jarduera hauek guztiak egiteko ordutegi zabala dago, eta hizkuntza ezberdinetan egiteko aukera izango da. Informazio gehiago eta programa osoa www.urolagaraia.com webgunean daude. Informazio gehiago eskatzeko 943 72 20 42 zenbakira deitu edo Whatsapp bidez 688640534 zenbakira mezua bidali daiteke.