Korosti prest dago asteburuan Legazpi Oin Puntetan jartzeko
Bihar Iñaki Palacios txistulariarekin eta horren The Gaels taldearekin egingo duen ikuskizunerako sarrerak geratzen dira oraindik. Igandean dantzari txikiak elkartuko dira Legazpin.
Bihar hasiko da Korostik antolatu duen Legazpiko Oin Puntetan Asteburua, eta taldeak dena prest du dantzaren festa horren osagai nagusiak izango diren biharko ikuskizunerako eta datzari txikien igandeko topaketarako.
Korostiko dantzariek Iñaki Palacios & The Gaels taldearekin eskainiko dute ikuskizuna, eta aurreko astean, Erdi Aroko azokan erakutsi zuten aurrerapen bat, Kale Nagusian. Urbeltz pilotalekuan izango da, 19:00etan. Bertan, Iñaki Palacios txistulariak kaleratuta dituen hiru diskoetako abestiak entzuteko aukera izango da, Legazpiko dantzarien mugimenduaz lagunduta. Lurra, ardoa, dantza da diskoetako bat, eta ardoari eta Arabako Errioxako mahastiei eskainitako abestiak jasotzen ditu. Bigarren diskoa Harria da, eta bertan, euskal kulturan eta harria oinarrituta sortutako doinuak biltzen ditu. Azkenik, Baltik diskoarekin, Irlandara bidaiatzeko aukera izango da, bertako melodiak, tradizioak, pubak eta jendea ezagutzeko.
Ikuskizun honetarako sarrerak salgai daude oraindik, 5 euroan, eta Gurrutxaga, Urbeltz eta Kukue tabernetan, Laubideko estankoan, Oskarbi optikan eta WhatsApp bidez 688 85 26 24 telefonoan erosi daitezke. Bihar bertan, ikuskizuna hasi aurretik ere, erosi ahal izango dira.
Haurrak ere oin puntetan
Dantzari txikien topaketa, berriz, goizean izango da, eta Beasaingo Aurtzaka, Gasteizko Indarra, Urretxu-Zumarragako Irrintzi, Urretxuko Lurra, Iruñeko Oberena, Antzuolako Oinarin, eta Legazpiko Sustraiak izango dira Korostiren gonbidatuak. Musika jartzeaz, Goiz Deia txistukariak eta Iratzarri dultzaineroak arduratuko dira, dantza taldeko bakoitzeko musikariekin batera.
Dantzariak 11:00etan elkartuko dira Laubiden, eta kalejiran abiatuko dira gero plazarantz. Han, 12:30ean elkartu eta dantza emanaldia egingo dute guztiek batera. Bazkaria egingo dute gero Azokan, eta 16:30ean Aiko taldeak alaitutako dantzaldia hasiko da, plazan.