Mirandaolako taberna ireki dute
Sergio Sedanok hartu du taberna eta jatetxe zerbitzuen ardura, Mikel Arrizabalagaren babesarekin. Sei urtez egon da itxita. Ingurua girotzeko, udan ekitaldiak antolatzeko asmoa dute.
Sei urtez itxita egon eta gero, berriz ere ateak ireki ditu Mirandaolako tabernak. Sergio Sedano ‘Txejo’ da zerbitzuaren arduraduna eta Mikel Arrizabalaga ‘Pastain’-en babesa izango du eginkizun horretan. Asteburutik daude martxan taberna eta jatetxea, eta oso harrera ona izan dute herritarren eta kanpotarren artean. Hemendik aurrera, asteartetik igandera egongo dira irekita, goizez eta arratsaldez.
Txejok eta Pastainek zerbitzu horien kudeaketaz arduratzen den Lenbur Fundazioari eskerrak eman nahi dizkiote, jaso duten laguntza guztiagatik.
Lenburren laguntza
Kolonbian denboraldi bat egin eta gero, eta han kudeatzen zuen jatetxea eta ostatua uholde batzuen erruz galdu ondoren, jaiterrira itzuli zen Txejo, Legazpira, duela hilabate batzuk, egoera ekonomiko larrian. Hemen, ez zuen lortzen egoera hura gainditzea, eta Pastainek bere etxean jaso zuen azkenean.
Pastainen ideia izan zen, hain zuzen, aspaldi hutsik zegoen Mirandaolako taberna eta jatetxea berriz ere irekitzea eta horien ardura hartzea. Lenburrekin harremanetan jarri ziren horretarako, eta fundazioaren aldetik laguntasuna besterik ez zuten jaso proiektua martxan jartzeko.
Hala, joan den asteburuan ireki zuten lokala, oraindik garbiketa eta atontze lan guztiak amaitu gabe bazeuden ere. Lehen bezeroak pasa dira bertatik.
Pintxoak eta errazioak
Txejok esperientzia handia du tabernan, eta sukaldari trebea da, Pastainen esanetan. Hasieran bere esku egongo da guztia, baina laster hartuko dute lan egiteko jende gehiago.
Eraikinak duen terraza handiaz gozatzeko eguraldi ona hasia da, eta laster ospatuko diren Santikutz jaietako Mirandaola egunari begira ere badaude, jende asko izaten delako festa horretan. Burdinola eta Euskal Burdinaren Museoa ikustera iristen diren bisitariak ere bezero potentzialtzat dituzte.
Horiei guztiei zuzenduta, eskaintza xumea baina kalitatezkoa prestatu dute: gosariak, pintxoak, errazioak, ogitartekoak, plater konbinatuak… Zerbitzua egonkortzen denean, eskaintza zabalduz joango dira, eta eguneko menua, asteburuko menua, taldeentzako otorduak eta abar dituzte buruan.
Udan jarduerak edo ekintzak egitea ere pentsatu dute, aire libreko zine emanaldiak edo kontzertuak bezala. Aurrerago begira ere badaude, eta Olentzeroren kanpainarako badute ideia bat: Olentzero ikatza egiten jartzea, bisitak lehenago has daitezen.
Negoziorako ideia eta gogo faltarik ez dute Txejok eta Pastainek.