Dantzari txikiak Legazpiko kaleetan
Dantzari txikiek hartu dituzte Legazpiko kaleak gaur goizean. Laubidetik irten eta Euskal Herria plazaraino joan dira oinak astintzen.
Goizeko 11:00etan elkartu dira dantzari txikiak Laubiden. Bertan, hamaiketakoa egin dute, dantzan hasi aurretik indarrak hartzeko eta ondoren, hasiera eman diote desfileari. Zortzi talde desberdin izan dira bertan, herriko bi taldeetatik hasi, hau da, Korosti eta Sustraiak dantza taldeak; eskualdeko zenbait taldetatik igaro, izan Beasaingo Aurtzaka, Zumarraga-Urretxuko Irrintzi eta Urretxuko Lurra dantza taldeak eta eskualdetik kanpokoetaraino, hala nola, Iruñeko Oberena, Gasteizko Indarra edota Antzuolako Oinarin. Txikienetatik hasi eta helduagoetara elkartu dira
Kalejiraren ondoren, Euskal Herria plazara iritsi dira eta bertan, talde guztiek elkarrekin zenbait dantza eskaini dituzte: ikurrin-dantza, agurra, txankarrankoa, axuri beltza, arku dantza, banakoa, arrantzale, zinta dantza, makil jokoa, zazpi jauzi, txulalai, fandangoa, arin-arina eta larrain dantza.
13:30ak aldera eman diote amaiera ekitaldiari eta bazkaltzera joan dira dantzari guztiak. Ondoren, arratsaldean Aiko taldearekin dantzaldia izango dute.