AHTaren lanak gelditzeko eskatu dute milaka lagunek Altsasun
'Alternatibaren Alde, Herritarron Hitza Errespetatu. AHTaren Txikizioa Gelditu' lelopean eta Sakanako Nafarroa Trenaren alde taldeak, Arabako Lautadako Araba Trenaren alde taldeak eta Goierriko AHTrik ez! plataformak deituta, tren publiko eta sozialaren proiektua defendatu zuten.

Joan den larunbatean milaka lagun elkartu ziren Altsasun, AHTaren proiektuak eta lanak gelditzeko eskatzeko eta alternatiben eskaerak egiteko manifestazioan, tartean hainbat goierritar. ‘Alternatibaren Alde, Herritarron Hitza Errespetatu. AHTaren Txikizioa Gelditu’ lelopean eta Sakanako Nafarroa Trenaren alde taldeak, Arabako Lautadako Araba Trenaren alde taldeak eta Goierriko AHTrik ez! plataformak deituta, tren publiko eta sozialaren proiektua gauzatzeko eskatu zuten.
Goierriko AHTrik ez! plataformaren arabera, hiru mila pertsona baino gehiagok parte hartu zuten deialdian. ‘Burgos, Araba eta Nafarroan ibilbideen azterketa eta tren publiko eta sozial baterako proposamen proiektua’ defendatu zuten. “Proiektu horren oinarrizko jarduerek burdinbidearen bikoizketa eta egokitzapena aurreikusten dute, bertatik, mota guztietako tresnak ibil daitezen, hala nola, geltoki eta geralekuen berrirekierak, lurperatzeak eta gatazkatsuak diren puntuen ezabaketak planteatzen dira”, azaldu du plataformak.
Giro alaitsua izan zuen manifestazioak. 22 traktore, joaldunak, pertsonaia mitologikoak, trikitilariak eta Kantuz taldearen laguntza izan zuten ibilbidean zehar. Amaieran, komunikatua irakurri zuten eragileek.