Giza katea egingo dute Legazpin ostiralean, osasun zentroaren ordutegiaz protestatzeko
Legazpiko anbulatorioan mediku gutxi eta ordutegi murritza dagoela salatu nahi dute. Euskal Herria plazan egingo dute, 18:00etan.
Osasun Zentroa Zabalik plataformak ostiralean Legazpin giza katea egiteko deialdia egin du, herriko osasun zentroaren ordutegia murritzaz protestatzeko. Hitzordua 18:00etan izango da, Euskal Herria plazan.
Plataformako kideek zabaldu dutenez, “Zumarraga ez da lehen arretako zerbitzuak murriztuta dituen eskualdeko herri bakarra. Legazpiko osasun zentroan medikuak falta dira, eta jendea hartzeko ordutegiak geroz eta murritzagoak dira. Gaur egun, anbulatorioa astelehenetik ostiralera 08:00etatik 20:00etara bakarrik irekitzen dute, hau da, gauean edo asteburuan larrialdiren bat gertatuz gero, gutxienez Zumarragaraino joan behar dira herritarrak, Beasaineraino bidaltzen ez badituzte behintzat. Onartu al daitezke baldintza horiek 8.300 biztanleko herri batentzat?”.
Horregatik guztiagatik, eta “Guztientzako kalitatezko osasun publiko baten alde!” lelopean, dei egiten die legazpiarrei ostiralerako antolatu duten giza katean parte hartzera.