Laubide Jatetxea taldeak igoera faseko bigarren hitzordua gainditu du
Andoainen Leitzararen aurka jokatu zuen partida 26-27 irabazi zuen. Jarraitzaile ugari joan zen Legazpiko taldea animatzera. Larunbatean Ordiziaren aurka du norgehiagoka, Bikuña kiroldegian.
Bigarren maila nazionala gertuago du La Salle eskubaloi klubeko Laubide Jatetxea senior taldeak, aurreko larunbatean Andoainen Leitzarani 26-27 irabazi eta gero. Igoera faseko aurkaririk gogorrena zuten andoaindarrena, eta urrats handia egin dute legazpiarrek igoera fasean. Jarraitzaile ugari joan ziren Legazpitik Andoainera, eta larunbat honetan herrian bertan duten hurrengo hitzordurako berotasun horren faltarik ez dute izango seguruenik.
Igoera faseko hurrengo partida Bikuña kiroldegian jokatuko dute, Ordiziaren aurka. Hitzordua 19:15ean izango da, eta harmailak betetzeko deia egin dute eskubaloi klubekoek, taldea animatzeko.
Maila handiko partida egin zuten Laubide Jatetxeak eta Leizaranek larunbatean Andoainen. Oso parekatuta egon zen denbora guztian, eta bi taldeen defentsak eta atezainek egundoko lana egin behar izan zuten. Aipagarria izan zen Xabi Gabirondo legazpiarraren jarduna, eta beste behin agerian utzi zuen kategoriako atezainik onena dela. Atsedenaldira 14-14ko emaitzarekin iritsi ziren. Bigarren zatian legazpiarrak hiru goleko aldea izateraino iritsi ziren, baina amaierarako 12 segundo eskas geratzen zirenean, markagailua 26-26 jarri zen, baina azkenik legazpiarrek lortu zuten garaipena, harmailetan zuten jarraitzaileen txaloak eta algarak eraginez.