Legazpiko mintzalagunak Bizkaian izan dira txangoan
Larunbatean Balmaseda eta Muskiz ezagutzeko aukera izan zuten. Mintzalaguna programak giro lasaian euskaraz hitz egiteko gune bat eskaintzen die herritarrei. Udal Euskaltegiak eta udalak bultzatutako ekimena da.
Legazpiko Udal Euskaltegiaren eta Udalaren ekimenez martxan jarritako Mintzalagunak programako kideek Bizkaian barrena ibili ziren larunbatean txangoan. Goizean, Balmasedako La Enkartada Fabrika-Museoan izan ziren, eta txapelak nola egiten zituzten ikusi zuten. Balmaseda herria bisitatu zuten ondoren, eta gero Muskizeko Pobeña auzora joan ziren bazkaltzera. Bazkal ondoren, Itsaslur izeneko bide berdean paseotxo bat eman zuten.
Mintzalagunak astean behin, ordubetez elkartzen dira, lau-bost laguneko taldeetan, giro lasaian euskaraz hitz egiteko. Taldean gidari bat egoten da, euskaraz hitz egiteko ohitura duen laguna da, eta taldekideei laguntzeko prest egoten dena. Besteak mintzakideak dira, hau da, euskara praktikatu nahi dutenak eta jarioa eta erraztasuna lortu nahi dutenak. Asteroko topaketa horiek lagun artean euskaraz lasai hitz egiteko gune bat dira. Ikasturtean zehar txangoren bat edo beste ere egiten dute, eta larunbatekoa izan zen horietako bat.