Goierri ere bertsotan
Gipuzkoa Bertsotan lehiaketa bihar hasiko da, eta etzi Gabirian jokatuko da lehen faseko saio bat. Uxue Fernandez urretxuarra itzuliko da. Antton Fernandez eta Eneko Araiztegi ere, plazara.
Gipuzkoa Bertsotan bertsolari lehiaketa bihar hasiko da. Eskoriatzan jokatuko da lehenbiziko saioa, eta aste honetarako beste bi juntadizo daude: etzi Zestoan eta Gabirian. Udazkenean hasiko den Gipuzkoako Txapelketarako aukeraketa-galbahea izango da: izena emanda dauden 74 bertsolarietatik 34 sailkatuko dira harako.
Gipuzkoako lehenengo bertso eskola Leintz bailaran sortu zutela 50 urte dira aurten, eta bertsolarien heziketa-gune eta harrobi horri egingo diote aitortza. Gipuzkoa Bertsotanen parte hartuko duten 15 goierritarretatik gehienek, oraindik ere bertso eskolekin eta bertsotan aritzeko taldeekin duten harremana baloratu dute, baita lehiaketara aurkezteko pizgarri modura ere –ostiraleko Goiberri-n irakurri ahalko dira guztien hitzak–.
Saioa Gabirian, etzi
Aurreneko aldiz, bi itzuli izango ditu udaberriko faseak. Saioak ostegunetan eta ostiraletan jokatuko dira, 19:00etan. A eta B multzoetan bereizi dute. Eskoriatzako biharkoa A sailekoa izango da, zortzi bertsolariko bakarra –seina ariko dira besteetan–. Tartean, Antton Fernandez urretxuarra izango da partaide goierritar bakarra.
Goierrin lehiaketako bost saio antolatuko dituzte; berehala bisitatuko du eskualdean, etzi Gabirian delako bigarren jardunaldiko bi saioetako bat.
Berritasun aipagarri bat Uxue Fernandez urretxuarra izango da. 2003ko txapelketan parte hartu zuen orain hurrena azkeneko aldiz; hogei urteren buruan, berriro animatu da, bertso eskolako giroak hauspotuta.
Bigarren aldiz bisitatuko du Gabiria Gipuzkoako Txapelketaren aurretiko lehiaketak. 2011ko maiatzean, G Puntua lehiaketako bi saio jokatu ziren –goizean bat eta arratsaldean bestea–. Lehen fasekoak izan ziren orduan ere, eta etzi jokatuko den elizako antzoki berean abestu zuten.
Eneko Araiztegi segurarrak ere etzi du estreinua, Zestoan.
ASTEKO SAIOAK
Goierritarren saioak
- Antton Fernandez. Eskoriatzan ariko da urretxuarra, bihar 19:00etan, antzokian. Zaldibian bizi den Iker Iriarte da aurkezle.
- Eneko Araiztegi. Segurarrak Zestoan, kultur etxean du saioa, etzi 19:00etan. Sarrerarik ez da.
Goierriko saioak
- Gabiria. Etzi, 19:00etan, eliza ondoko aretoan.
- Bertsolariak. Aitor Tatiegi (Oñati), Aitor Zubikarai (Itziar), Andoni Mujika (Urnieta), Maider Arregi (Oñati), Urko Egaña (Azpeitia), Uxue Fernandez (Urretxu).
- Gai jartzailea. Irati Sanchez de Arevalo zumarragarra.