Lourdeseko pelegrinazioaren izpirituak bizirik dirau
Urtero Lourdeseko gaixoen pelegrinaziora joaten den boluntario talde sendo bat dago Legazpin, eta aurten ere joatekoak dira batzuk. Lan besterik ez dute egiten, baina trukean, emandakoa baino gehiago jasotzen omen dute.
Garai batean hainbesteko sona izan zuen Lourdeseko gaixoen pelegrinazioak bizirik dirau. Ez da lehen bezala hain jendetsua izaten, baina oraindik erakartzen ditu erromesak. Horren erakusle da aurten ere antolatu duela Gipuzkoako Eliz Barrutiak, eta 69. edizioa beteko duela. Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean eta 2an egingo da, eta urtero bezala, Legazpik izango du ordezkaritza.
Pelegrinaziora joaten diren gaixoen kopurua nabarmen jaitsi da, eta Legazpin aurten, momentuz, ez du inork izenik eman. Baina boluntarioak bai, joango dira, erizain eta kamillero edo andero lanak egiteko. Izan ere, Legazpin boluntario talde sendoa dago, eta horren barruan daude Rosalia Murua, Idoia Lasa eta Sabino Legarda-Ereño. Maritxu Alberdi, Eva Ripa, Maria Luisa Odria, Jon Amilibia, Lourdes Zubeldia eta Beatriz Murua ere talde horretako partaideak dira, baina horietako batzuk utzita dute dagoeneko lan hori.
Erizain eta andari
Lourdeseko pelegrinazioan erizain eta andari lanak egitea zer den ondo dakite Rosalia Muruak, Sabino Legarda-Ereñok eta Idoia Lasak, urte asko daramatzatelako. Murua da beteranoena zeregin horietan, duela 30 urtetik joaten delako. Legarda-Ereñok 26 urte egingo ditu, eta Lasak 10 urtetik gora.
Lasa kenduta, aurten ere joango dira, Legazpiko eta inguruko herrietako beste boluntario batzuekin, autobusez. Maiatzaren 31n abiatuko dira, goiz, eta bidean bazkaldu eta gero, arratsaldean iritsiko dira Lourdesera. Han, aurretik zehaztuta dituzten eginkizunetara dedikatuko dira hurrengo orduetan, igandean, bazkalondoren itzultzeko bidaia hasi arte. Bitarte horretan, erizain eta kamillero gisa identifikatzen dituzten uniformeak jantzita egongo dira.
Boluntarioen eginkizuna pelegrinazioan joandako gaixoei laguntzea izaten da nagusiki: oheratzen, jaikitzen, janzten eta eranzten, garbitzen, jaten… baina, batez ere, han antolatuta dauden elizkizun, prozesio, igerilekuko bainu eta bestelako ekitaldi erlijiosoetara joaten eta parte hartzen.
Bizipen adierazezina
Gaixoak sendabide eta indarberritze espiritualaren bila joaten dira pelegrinaziora, ez baita ahaztu behar eliza katolikoak antolatutako jarduera bat dela, baina boluntarioek haiek baino gehiago jasotzen dutela diote, egiten duten lana «oso neketsua» izan arren, Muruak aitortu duenez.
Bat egiten du baieztapen horrekin Lasak, «lan asko egiten duzu» onartzen du, «baina horretara joaten zara, eta trukean asko jasotzen duzu, hainbeste, urtetik urtera itzultzeko gogoa izaten dugula. Azaldu ezin daitekeen bizipena da, adierazezina, arrazionalki ia ulertu ezin daitekeena».
Alde horretatik, lan horrekin jasotzen dutena gaurko gizarteak, erlijioa eta kristautasuna baztertuta, yoga eta beste diziplina batzuetan bilatzen duen izpiritualitatearen parean jartzen du.
Legardo-ereño, hospitalier
Legarda-Ereñok Gipuzkoako urteko pelegrinazioan boluntario izatetik harago eraman du Lourdesekin duen harremana. Lourdesen bertan dagoen Lourdeseko Notre Dame Ospitalitateko kide da aspaldi, eta derrigorrezko stage edo prestakuntza saioak egin eta gero, hospitalier edo boluntario titulu ofiziala du eskuratuta, eta horrekin batera ematen duten zilarrezko domina ere bai.
Titulu hori eskuan, urtean hiru-lau alditan joaten da Lourdesera, han ahal duen guztian laguntzeko: igerilekuan, ospitalean, ohatilak edo karroak eramaten… Joaten den bakoitzean, herriko lagunak gogoratzen ditu, eta beti ekartzen die bedeinkatutako ura.