Maizpidek ireki du 50. Udako Ikastaroetarako izen-emate aldia
Ikastaroen hasiera egunak uztailaren 1a, 15a, abuztuaren 5a, 19a, eta irailaren 2a eta 16a izango dira. Pentsio osoa edo bazkariarekin soilik har daiteke.
Lazkaoko Maizpide euskaltegiak mende erdiko jarduna beteko du aurten, euskara irakasteko udako kurtsoak ematen hasi zenetik. Goierriko Euskal Eskolaren izenpean hasi ziren, 1975ean, eta 50. Udako Ikastaroak garatuko ditu Maizpidek aurten, uztailetik irailera bitartean eta Euskara, bizi leloarekin.
Astelehenean zabaldu zuten izena emateko epea. Ohi bezala, bi asteko iraupeneko sei euskara ikastaro trinko eskainiko dituzte, barnetegian, maila guztietakoak. «Gaur egun, jendartearen beharrak kontuan hartuta, 12 egunekoak izaten dira udako ikastaroak, asteburu bat barne dela, egunean zortzi eskola-ordukoak. Hil bakoitzean bi ikastarotan parte hartzeko aukera izango dute», dio euskaltegiak.
Hala, ikastaroen hasiera egunak uztailaren 1a, 15a, abuztuaren 5a, 19a, eta irailaren 2a eta 16a izango dira. Pentsio osoa edo bazkariarekin soilik har daiteke.
‘Flee’ filma gaur
Maizpiden aurrera doa jatorrizko bertsioko zinema zikloak. Flee filma emango dute gaur 21:00etan, euskaltegiko zineman, euskarazko azpidatziekin.