Musika Garaia egitaraua aurkeztu dute
Herritarrei musika gerturatzeko helburuarekin bost ekintza antolatu dituzte Beasaingo Musika Eskolak eta Udalak elkarlanean.
Egitarau oparoarekin dator Musika Garaia egitaraua. Musika herritarrei hurbildu eta Musika Eskolari ikusgarritasuna emateko helburuarekin antolatu dute Beasaingo Musika Eskolak eta Udalak elkarlanean. Ikasturte berrirako, ikasle berriak erakartzea ere bada asmoa; bost urtetik aurrera adin mugarik gabe, ateak irekita daudela gogorarazi dute aurkezpenean. Matrikulazio epearen berri ere eman dute; maiatzaren 2tik 10 izango da. Mariola Pascual zinegotziak eta Arantxa Gastesi eta Xabier Zeberio Musika Eskolako ordezkariek eman dituzte xehetasunak.
Bost ekintza
Datorren aste osorako egitaraua antolatu dute. Astelehenean, hilak 29, Makey Makey, zazpi eta hamar urte bitarteko haurrei zuzendutako musika tailerra antolatu dute. Frutak eta barazkiak erabilita musika tresnak egingo dituzte. Batzar aretoan izango da, 17:00etan. Parte hartzeko izena eman behar da Beasaingo udalaren webgunean.
Asteartean, hilak 30, Xabier Lizaso piano jotzaile eta ikerlariak, Musika, kalte kognitiboaren prbentzian izenburupean hitzaldia egingo du, Igartza jauregian, 19:00etan.
Ostegunean, maiatzak 2, Txikimusik emanaldia izango da. Musika Eskolako 5 eta 7 urte bitarteko ikasleek parte hartuko dute. Plazazpian izango da, 17:15ean. Egun berean, Trakamatrakaren emanaldia eta tailerra izango dira, 18:00etan.
Ostiralean, hilak 3, Musika Eskolako talde handiaren emanaldia izango da. Bandak, perkusio taldeak, trikitilariek, koralak eta Narama abesbatzak parte hartuko dute.
Eta larunbatean, maiatzak 4, Sorotan Bele gogoan emanaldia izango da. Sorotan Bele talde mitikoarekin batera, Musika Eskolako Banda, Korala eta Narama abesbatza arituko dira oholtzan. Eguraldi ona egiten badu plazan, eta bestela, Gernika pasealekuko pilotalekuan egingo dute, 19:00etan.