Patata berria, jateko prest
Eguraldi hotzak asko laguntzen ez badu ere, produktu berriak ari dira gozatzen baratzetan eta soroetan, eta feriara ere iristen dira pixkanaka, udarari begirako eskaintzari forma emateko. Gaur urteko lehen patatak iritsi dira.
Altzagatik iritsi da aurtengo patata berria Ordiziako feriara. Arantxa Lopetegiren soroan hazitakoa da, baina Maria Jesus Oria haren ilobak jarri du gaur salgai Plaza Nagusian duen postuan. Prezioa, 3 euro. Hasi da horrela patataren aurtengo denboraldia .
Monalisa motakoa da, nahiko txikia eta barruko horia argia duena. Patatak aukeratzeko ia unibertsitate masterra behar den garai honetan, «denerako» balio duena dela esan du saltzaileak, eta « egosteko edo frijitzeko egokia» dela ere bai. Hemen ekoizten diren pataten artean «estimatuena» da Monalisa, «gutxi ematen du, baina oso ona da, eta itxura paregabekoa».
Zizak dira oraindik nagusi
Perretxikoek ere itxura paregabea zuten gaur goizean. Udaberriko zizak jarraitzen du eskaintzako plater nagusi izaten, eta Garbiñe Barandiaran saltzaileek huts egin duenez, Lasaren eta Barcinaren artean osatu dute gaurkoa: bien artean 150 kilo jarri dituzte salgai guztira, kiloa 29 eta 54 euro artean.
Eta zizekin batera, onddoak ere izan dituzte salgai, 15 kilo, 35 euroan. Ziza horiak ere ez dira faltatu, eta 22 kiloko lotea osatu dute bi saltzaileen artean, kiloa 26 eta 34 euro artean eskainita.
Apaintzeko zuhaitzak
Azken egunetan bezala, gaur ere hotz egin du goizean, eta saltzaileek, Aizkorrin ikusitako elurrak aipatzeaz gain, esan dute horrela jarraituz gero, baratzak ez duela aurrera egingo, giro epelagoa behar dela garai honetarako. Loreetan ere antzeko kontuak dabiltza, eta badago oraindik geranioa, surfinia edo beste erostera ausartu ez dena.
Baina lore horiek, eta askoz ere gehiago, aukeran dituzte plazako bi saltzaileek, ugari eta kolore askotakoak, baita apaintzeko zuhaitzak ere, kanporako. Maria Dolores Mendizabalek palmondo itxurako astigar japoniarra (Acer Palmatum) zuen salgai, adibidez, 90 euroan, lorategian jartzeko. Orain arte toki epelagoetan ikusi izan den bugainbilea (38 euro inguruan, tamainaren arabera) eta bide bazterretan ohikoa den adelfa edo heriotzorria ere (20 euro) bazituen, azken hori zuria eta gorria.
Gaur, bisitari gazteak
Hotzak, bestalde, ez ditu bisitariak kikildu, eta gaur, Donostian Lakuntza akademian gaztelera ikasten ari diren Alemaniako Karlsruhe hiriko 40 ikasle gazte eta Hondarribiko Talaia institutuko beste 60 ikasle ibili dira postuz postu azoka ezagutzen, D’Elikatuzeko kideek lagunduta.
Hurrengo astean feriak eguna aldatu egingo duela esan behar da. Maiatzaren 1a da asteazkena, jai eguna, eta horrelakoetan gertatzen den bezala, asteartera aurreratuko da.