Xabin Ezkurdiari azken agurra egin diote Ormaiztegin
Ezkurdia zinegotzi izan zen urte askoan Ormaiztegiko udaletxean eta herrigintzan lan mardul eta etengabea egin izan du.
Atzo arratsaldean Ormaiztegiko udaletxe azpiko aretoan jaso zuen azken agurra herenegun hil zen Xabin Ezkurdia Mujikak. Aretoa eta inguruak senide, lagun eta lankide ohiez bete ziren Ezkurdiari esker ona adierazteko.
Hitzak, musika eta kantuen bidez eman zizkioten eskerrak Ezkurdiari bertara bildutakoek. Ezkurdia zinegotzi izan zen urte askotan Ormaiztegiko udaletxean eta herrigintzan lan mardul eta etengabea egin izan du bizi izan den artean. Iazko San Andres jaietan, esaterako herriko kultura sustatzeko eta bertako ohiturak mantentzeko egindako lanagatik omenaldia egin zion udalak, beste hainbat herritarren artean. Beste zenbaiten artean, Lierniko erromeria berreskuratzeko egindako lana aitortu zioten ordu hartan.
Atzo arratsaldeko agur ekitaldira familia eta lagunez gain, Ormaiztegiko legegintzaldi ezberdinetako alkate eta zinegotziak, Irizarreko lankide ohiak eta bizilagun ugari bildu ziren.