Mendi federazioak urrezko intsigniak banatu ditu mendizaleen artean
Legazpiko Izadi Zaleak eta Zumarraga-Urretxuko Ostadar taldeko kide batzuk daude omenduen artean, mendian 40 urtetik gora daramatzatenak guztiak. Atzo egin zen dominak banatzeko ekitaldia, Tolosan. Goierritar gehiagok ere jaso zuten domina: Beasaingo Aizkorri eta Arrastaka, Ataungo, Ormaiztegiko eta Ordiziako Mendizaleak mendi elkarteetako hainbat kidek.
Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zenetik 100 urte betetzen direla eta, ospakizunetan murgilduta daude mendizaleak eta ekitaldi egitarau zabal bat prestatu dute mendeurrena ospatzeko. Atzo burutu zen ekitaldi horietako bat, Tolosan, eta bertan, federazioak urrezko instsiginiak eman zizkien federatuta gutxienez 40 urte daramatzaten mendizaleei, “EMFk ez ditu ahaztu nahi izan bere ibilbidearen zati handi batean leial izan zaizkion pertsona guztiak”.
Mendizale horien artean, Legazpiko Izadi Zaleak eta Zumarraga-Urretxuko Ostadar elkarteetako kideak zeuden, eta guztiak elkartuta taldeko argazkia atera zuten, Ormaiztegiko Koke Lasarekin batera. Irudian agertzen direnak hauek dira, goitik eta ezkerretik hasita: Juan Mari Gabilondo, Batis Maiz, Santi Usabiaga, Gorka Olaizola (Jesus aita zenaren izenean), Manuel Iraola, Luis Albisua eta Iñigo Lete (Ostadarreko zuzendaritzakoa). Erdian: Itziar Urkia, Jose Luis Rubio eta Jose Antonio Udabe. Behean: Martxel Mendinueta, Koke Lasa, Juan Carlos Agirre eta Kepa Urmeneta.
Tolosako ekitaldiak Goierriko mendizale gehiagok ere jaso zuten urrezko intsignia, Beasaingo Aizkorri eta Arrastaka, Ataungo, Ormaiztegiko eta Ordiziako Mendizaleak mendi elkarteetako hainbat kidek, hain zuzen.
Ekitaldiko argazkiak mendi federazioaren www.emf.eus web orrian daude ikusgai.
Igandean Irimon hitzordua
Bestetik, Federazioak asteburu honetarako deitu duen 100 urte, 100 mendi ekimenean parte hartuko du igandean Izadi Zaleak elkarteak, eta Irimora igotzeko deia egin die herriko eta inguruko mendizaleei.
Legazpitik 07:30ean abiatuko dira, elkartearen egoitzatik, Ardanbietarantz jo eta Deskarga gaineraino jarraituko dute. Pausoz-pauso, Trekutzeraino iritsiko dira. Handik, Meakara igo eta Irimoko zazpi puntak igarota, gurutzeraino joango dira.
Hainbeste ibili nahi ez duten haur, familia eta mendizaleek Santa Barbaran egingo dute hitzordua, 09:00etan, bertatik, Irimora zuzenean igotzeko. Bi taldeak Irimon elkartu ondoren, ekitaldia gogoratzeko argazki ofiziala egingo dute. Behin argazkia aterata, denak batera, Santa Barbarara jaitsiko dira, eta Legazpitik ateratako taldea bidegorritik itzuliko da herriraino.
Ekitaldi hau dela eta, federazioak mapa esklusibo bat argitaratu du. Izadi Zaleak elkarteari 15 mapa dagozkio eta aldez aurretik izena ematen dutenen artean zozketatuko dira. Izena eman dutenentzat, Izadi Zaleak elkartearen ohiko ordutegia, astearte eta ostegunetan, 18:30etik 19:30era da.