Ostalaritzan ere lan egin nahi dute gazteek
Amaia Estalayok eta Jon Agirrek Legazpiko Goiherri taberna eta jatetxea ireki dute hil hasieran. Gazteak izan arren, esperientzia handia dute ostalaritzan eta ilusioz beterik heldu diote proiektu berriari.
Merkataritza bezala, herrietako ostalaritza ere ez dago unerik onenean, dendak bakarrik ez, tabernak eta jatetxeak ere ixten ari direlako pixkanaka. Legazpin joera hori irauli nahi du bikote gazte batek, eta sei hilabete itxita egon den Goiherri berrireki dute hilaren hasieran.
Legazpi bertako Jon Agirre eta Zumarragako Amaia Estalayo dira. Biek 26 urte inguru dituzte, bikote dira, eta hain gazteak izan arren, esperientzia handia dute ostalaritzan. Ilusio handiarekin heldu diote proiektuari.
Gustuko lanbidea
Hilaren 4an ireki zuten Urtatza auzoko Goiherri taberna-jatetxea Agirrek eta Estalayok. Agirrek 26 urte ditu, eta Estalayok aurten beteko ditu. Biek ostalaritzan egin dute lan beti, 18 urte urte dituztenetik. Urretxun egin du lan orain arte Agirrek, Hokaba, Brannigans eta Aitube Berri tabernetan, barran eta sukaldean. Estalayo Hokaban eta Brannigansen ere egon da lanean, baita okindegi batean ere, eta azken aldian, Aztiria erretegian, jangelako zerbitzari gisa.
Familiatik ere badatorkie ostalaritzarekin duten harremana. Agirrreren gurasoek Oskarbi taberna izan zuten Laubiden duela urte batzuk. Estalayoren izeba batek gaur Bidezar taberna dena izan zuen duela asko, Zumarragan, eta han egin zuten lan gurasoek tarte batean.
Ostalaritza «oso lan lotua» da Agirrek aitortu duenez, «baina asko gustatzen zaigu eta beti nahi izan dugu honetara dedikatu». Estalayok lanbidea hainbeste gustatzearen arrazoia ere aipatu du, «jendearekin etengabe harremanetan izatea, batez ere».
Negozio propioa
Hainbat urte besterentzat lan egin eta gero, negozio propioa irekitzeko unea iritsi zela pentsatu zuten biek, eta Goiherri taberna eta jatetxea aukeratu zuten horretarako. Urtatza auzoan kokatuta, Patxi Otaegik eta Maria Santosek ireki zuten 1971ean, eta haien ondorengoek 2007an utzi eta gero, hainbat eskutan egon da, duela sei hilabete itxi zen arte.
Agirrerentzat beti izan da leku berezia, eta erreferentzia handi bat. «Auzokoa naiz, eta txikitan etortzen nintzen aitonarekin eta osabarekin haragi bolak jatera, bazkaltzera, afaltzera… Otaegi familiaren lagunak ginen, eta oso ondo tratatzen gintuzten. Maitasun berezia izan diot beti, eta nire taberna propioa izatekotan, hemen ikusten nuen neure burua. Horretarako aukera sortu denean, aurrera egin dugu».
Goiherri auzoko eta herriko «ikur bat» izatea ere kontuan hartu du bikoteak, baita «momentua orain izatea» ere. «Esperientzia badugu, gazteak gara, indartsu gaude, eta orain egiten dugu hori edo ez dugu egiten, gerorako ezin da utzi».
Taberna eta jatetxea
Barran zein sukaldean jardundakoak direnez, bikotea ez da kikildu halako negozio handiari aurre egiteko. Agirre sukaldean dabil laguntzaile batekin, eta Estalayo barraz eta jangelaz arduratzen da, beste zerbitzari batekin. Goiherrik terraza estali handi bat ere badu. Pintxoak, errazioak, plater konbinatuak, hanburgesak, ogitartekoak, sandwichak… ematen dituzte. Egunero irekitzen dute, 10:00etatik afariekin bukatu arte.
Lokalean lan txiki batzuk egin ondoren, eta batere diru laguntzarik gabe, «orain ez delako ezer tokatu parean», duela hiru aste ireki zuten negozioa. «Kristoren harrera» izan dutela diote pozik, «oso ondo hartu gaituzte auzotarrek eta herritarrek orokorrean, eta oso gustura gaude».
Bezeroen aldetik, denetik dute, «gazteak, helduak, helduagoak… eta auzoko betiko jendea, batez ere». Eskerrak eman nahi dizkiete guztiei, batez ere Otaegi familiari, «asko lagundu digutelako, eta haien etxea utzi digutelako».