«Herri batentzat hau lortzea izugarria da, ikaragarria da»
Ordizia Saskibaloia Taldeko Euskal Ligako kadete neskek Espainiako Txapelketara sailkatzeko play off-eko finalerdia jokatuko dute bihar, Azkoitian, CB Arabaren aurka.
Zer moduz dago taldea?
Esango nuke urduri antzean dagoela, baina era berean zentratuta. Jakinaren gainean gaude zer aurkari daukagun eta gogorra dela. Partidaren zain gaude.
Denbora asko daramazu talde hau entrenatzen?
Haiekin egindako lehenengo torneoa zortzi urterekin izan zen, eskola kiroleko garai hartan saski eskola hasi zen eta oraingo taldeko batzuk elkartu genituen. Hezurdura orduan hasi zen. Azpeitian egin genuen lehen torneo, orain dela 7-8 urte.
Denok boluntarioak gara. Eskerrak eman nahiko nizkioke zuzendaritza taldeari, egiten ari den lanarengatik. Haietako batzuk entrenatzaile dira eta gainera lan burokratikoetan aritzen dira, eta beraz eskerrak.
Zein zen zuen helburua denboraldi hasieran?
Jaso genuen oinordekotzan aukera bat iazko belaunalditik. Iazkoak zortzigarren geratu ziren, Euskal Ligako A-2ko bigarren. Helburua zen gu utzi gintuzten lekuan uztea guk ere taldea hurrengo belaunaldiari, mailari eustea, Euskal Ligan uztea. Hori izango litzateke helburu neurgarri bat.
«Eskerrak eman nahiko nizkioke zuzendaritza taldeari, egiten ari den lanarengatik»
Hori baino gehiago lortu duzue, azpiegitura handiko taldeekin lehiatuta.
Batzuk kristoren taldeak dira. Asko selekzionatutako neskak dira, inguru bateko belaunaldietako hobentxuenekin osatutako taldeak. Edo geografikoki. Adibidez, Gernikan jokatzen dutenak ez dira Gernikakoak. Ordizian daude saskibaloian jokatu nahi duten neska guztiak, ez dago hautaketa bat.
Euskal Ligako lehen zatian bosgarren, A-1ean sartu eta hirugarren sailkatu zarete, play-offa jokatzeko txartela lortuta. Zer balorazio egiten duzu?
Hau herri batentzat izugarria da, ikaragarria da. Oso balorazio ona eta positiboa ez, hurrengoa. Hor dauden talde askoren lehenengo taldeak Espainia mailakoak dira, edo Euskadi mailakoak. Gernikak badu maila goreneko talde bat, Araski batek ere bai, Easok badauka lotura IDK-rekin…eta besteak ere Euskadiko punta-puntan daude. Ordizia herri bat den heinean ikaragarria da.
Bihar duzue Espainiako Txapelketarako finalerdia. Bigarren plaza dago jokoan, Iraurgi sailkatuta dago jada.
Lehenengoak laugarrenaren kontra jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren aurka, hau da, Iraurgik Lointek Gernikaren aurka, eta guk Arabaren kontra. Espainiakoetara Euskaditik bi sailkatzen dira. Iraurgi sailkatuta dago jada. Iraurgik bere finalerdia irabazten badu eta guk gurea irabazten badugu, zuzenean sailkatuko gara finala galduta ere. Gernikak irabaziz gero, finala ere irabazi beharko dugu. Aurrena, finalerdia.
Zuen partida izango da aurreneko finalerdia, 10:00etan. Nolako aurkaria da CB Araba?
Aurten lau aldiz jokatu dugu haien kontra eta ez dugu bakarra ere irabazi. Lehenengoaren aurka, lautik bi irabazi ditugu eta laugarrenaren kontra ere lautik bi, baina CB Araba da bakarra irabazi ez dioguna. Talde horretan, hamabitik bederatzi Arabako selekziokoak dira. Espero duguna da lehiatzea, dena ematea. Izan dadila sentsazio onak izateko eguna, ondo pasatzekoa. Bada garaia talde horri irabazteko, eta momentu aproposa izan daiteke bihar.
Besteetan, askogatik galdu izan duzue?
Lehenengoan bai, bigarrenean luzapenean izan zen, hirugarrenean zortzi puntugatik eta laugarrenean 20 puntugatik.
Iraurgik gero jokatuko du. Partida hori ere duzue buruan?
Zure espektatiben gainetik zaudela ikusten duzunean nolabait esan, lehenengo platera, bigarrena eta postrea jan dugu eta hau litzateke kafea. Ez dugu Iraurgirekin pentsatzen, nahikoa lan daukagu Arabari irabaztearekin. Buruan daukagun gauza bakarra Araba da.
«Burua da landu beharrekoa, urduritasuna kontrolatzea, lasai egotea, patxadaz egotea»
Sailkatzekotan, Espainiakora sailkatu den Ordizia Saskibaloi taldeko bigarren taldea izango zinatekete.
Bai. Beste belaunaldia 2004ko belaunaldia izan zen, eta gurea 2008koa da. 2008ko hamar neska dira, eta bi 2009koak.
Entrenamendu bereziak egin dituzue aste honetan?
Ez dugu ezer berezirik egin, ez egingo. Burua da landu beharrekoa, urduritasuna kontrolatzea, lasai egotea, patxadaz egotea. Bakoitzaren gaitasunak ateratzea bihar eta horretan buruak agintzen du. Konfiantza sustatzeko entrenamenduak izan dira. Teknikoki, taktikoki eta fisikoki, lan horiek eginda daude.
Autobus bat antolatu duzue Azkoitira joateko.
Autobus bat beteko dugu, eta batzuk kotxeetan joango dira.